1.000 eurotik gorako lapurreta, Institutuko obretan

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 18a, 11:03

Goiko frontoia obretan. Argazkia: Fernan Oregi.

Asteburuan, lapurretan egin dute Institutuko obretan. Goiko frontoian zituzten daratuluak (taladroak) eta bestelako erreminta ugari eraman egin dituzte. Horrez gainera, obrako garabia martxan jarri eta harekin ibili dira, eta, besteak beste, baranda bat eta tetxoko panel batzuk apurtu egin dituzte.

Zapatuan, 16:00ak arte lanean ibili ziren Institutuko obretako langileak. Beraz, lapurreta zapatu arratsaldean eta domeka iluntzera bitartean gertatu zela uste dute.

Lapurreta arraroa

Obrako ordezkariek Udaltzaingoan ipini dute salaketa. Udaltzaingoak emandako xehetasunen arabera, obrako erreminta ugari lapurtu dituzte, 1.000 eurotik gora bai, materialean. Baina horrez gainera, goiko frontoian zuten garabian ibili dira, hura martxan jarri dute, gora eta behera ibili dira eta hainbat apurketa eragin dituzte. Garabiaren beraren erruberak apurtu egin dituzte, baita baranda bat eta tetxoko panel batzuk ere.

Hain justu, garabia erabili dutenez, susmoa da obrara joan zirenak ez zirela lapurreta egitera joan, bestela ez baitzuten garabia martxan jarriko, makinak zarata ateratzen baitu.

Hain justu, arrazoi berberarengatik uste dute lapurreta eta apurketak 22:00k baino lehen egin zituztela, etxeratze-agindua baino lehen. Etxeratze aginduaren ondoren, kaleko zaratak nabarmen gutxitzen dira eta orduan, zailagoa baita garabiaren zaratarik inork ez entzutea. Edozelan ere, inguruko bizilagunei galdegingo diete, zerbait entzun edo ikusi ote duten.

Azkenik, uste dute pertsona bat baino gehiagok parte hartu zuela lapurretan, hartutako materialak pisu handia baitzuen.

Lapurretak lapurreta, Institutuko obrek aurrera segitzen dute eta bukatzear dira.