Pentsio sistema publikoa “beti izan da sostengarria”

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 16a, 12:00

Pentsioak “gastu kolektiboa dira, Estatuak estaltzen dituen gainerako beste guztiak bezalaxe, eta kotizazioak nahikoa ez badira, pentsioak zerga orokorrekin finantzatu behar dira. Gastu kolektibo guztiak horrela finantzatzen dira, eta ez dago pentsioak bereizteko arrazoirik”. Horixe azpimarratu dute, besteak beste, pentsio publiko duinen aldeko asteroko hitzorduan.

Gaur, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko asteroko aldarrikapena oinarritu dute Miren Etxezarretak, Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko katedradun emerituak Toledoko Itunaren batzordearen gomendioei buruz egindako balorazioan.

Laburbilduz, hark dio “pentsio-sistema beti” izan dela sostengarria. Urtetan pentsio publikoekiko “alarmismoa” sortu dutela, “kotizazio sozialak desbideratuz, prestazio kontributiboak ez diren Estatu politikak finantzatu direlako”.

Katedradun emerituaren ustez, pentsioek Estatuk estaltzen dituen gainerako gastu kolektiboen tratu berbera izan beharko lukete. Kritika gogorra egiten die sistema osagarriei, diru publikoarekin sustatutako pentsio-plan pribatuak bultzatzea gomendatzen dutelako.

67 urtetik gorako erretiroa

Etxezarretak gaitzetsi egiten du 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen indargabetzea kontuan ez hartzea eta ez du ulertzen 67 urte bete ondoren, borondatez erretiroa hartzen duten pertsonei pizgarriak eman ahal izatea, kotizazioak ez baitira handitzen eta gazteak lan-merkatuan sartzeko oztopo direlako halako jarrerak.

Halaber, ez du egoki ikusten, ezta ere, gaur egun egoera larrian dagoen lan-merkatua aintzat ez hartzea Toledoko Itunaren batzordearen gomendioetan, egoera horrek asko baldintzatuko baititu etorkizuneko pentsioak.

Lorpenak, borrokaren ondorioa

Toledoko Itunaren gainerako gomendioei, buruz, berriz, Etxezarretak honako puntuak baloratu ditu modu positiboan:

  • Gastu propioak eta ez-propioak banakatzeko gomendioa, horrela Gizarte Segurantzaren finantza-defizita eta maileguen politika alde batera uzteko.
  • Pentsioak KPIaren arabera errebalorizatzea (legezko bermea falta zaio gomendio horri, hala ere).
  • Gomendioetan agertzen diren alderdi positiboak pentsiodunen borrokaren ondorioz lortu izana.