Zirkulazio arau berriak, zorrotzagoak

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 13a, 12:11

Soraluzen, erdiguneko errepideetan, gorriz markatutakoetan, gehienezko abiadura da %20 km/o.

Espainiako DGT erakundeak zirkulazio arau berriak iragarri ditu asteon, “istripuak gutxitzea helburu” dutenak. Besteak beste, telefono mugikorrarekin gidatuz gero, 3 puntu beharrean, 6 puntu kenduko dituzte. Segurtasun uhala ez erabiltzearren, berriz, 4 puntu kenduko dituzte. Eta besteak beste, radarrak atzemateko gailuak eramateak 500 euroraino isuna izan lezake. Neurriok indarrean sartuko dira Estatuko Buletinean argitaratu ondoren.

Zirkulazio-legea zorroztu egingo dute datorren urtetik aurrera. Espainiako Ministroen Kontseiluak horrela onartuta, hainbat arau ez betetzeagatik ezartzen diren zigorrak handitu egingo dituzte eta bestelako arau berri batzuk ezarriko dituzte.

Honakoak dira aldaketa nabarmenenak:

  • Telefono mugikorrarekin gidatzearren, 3 puntu barik 6 puntu kenduko dituzte.
  • Segurtasun uhalik, umeendako homologatutako jarlekurik, kaskorik edo bestelako babes neurririk ez erabiltzearren edo haiek txarto erabiltzearren, 3 puntu barik, 4 kenduko dituzte.
  • Radarrak detektatzeko gailuak debekatuta daude. Aurrerantzean arau-hauste larria dela kontsideratuko dute. 500 eurorainoko isuna jaso eta 3 puntuko galera ekar lezake halako gailu bat eramateak, nahiz eta desaktibatuta egon.
  • Automobilek eta motoek, beste ibilgailu bat aurreratzean, ezin izango dute aurreratzen ari diren ibilgailuak baino %20 km/o baino gehiagoko aldea izan, ohiko errepideetan.
  • Gidabaimeneko puntu guztiak berreskuratu ahal izateko, bi urte pasa beharko dira zirkulazio infrakziorik egin gabe.
  • Bi puntu berreskuratzeko aukera izango da baldin eta segurtasunez gidatzeko DGTaren ikastaroa egiten bada.
  • Gidabaimena ateratzeko azterketetan, interkomunikazio gailuak erabilita iruzurra egitea arau-hauste larria da. 500 euroko isuna ezarriko dute eta 6 hilabetez ezin izango da azterketara aurkeztu.
  • Kamioiak gidatzeko gutxieneko adina 18 urtera jaitsi dute (orain arte 21 urte izan dira).

Abiadura mugak, herri barruan:

  • Errepidea eta espaloia maila berean dagoen kasuetan: 20 km/o.
  • Errepideak noranzko bakarreko errei bakarra duenean: 30 km/o
  • Errepideak noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago baditu: 50 km/o

Ibilgailu motak:

Patinete elektrikoak: 

  • 6-25 km/o gehienezko abiadura.
  • Ezin dira espaloietan eta oinezkoen guneetan ibili.
  • Ezin dira herri arteko errepideetan, saihesbideetan eta autobideetan ibili.
  • Zirkulatu nahi badute, ziurtagiria izan beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.