0 KM KOMERTZIOAK

111 garagardo-lata egunean

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 13a, 10:01

Kooperatibako sarreran alkoholdun edarien apalak.

Mugikortasunean ezarritako mugen eta tabernen itxieraren ondorioetako bat da handitu egin dela herriko saltokietan alkoholdun edarien salmenta. Erdiguneko lau saltokitan galdetuta, bi datu nabarmentzen dira: urriaren 27tik azaroaren 11ra bitartean, egunean 111 garagardo-lata saldu dituzte Kooperatiban eta Vidal fruta-dendan %30 handitu da ardo-salmenta.

Joan den urriaren 27an, mugikortasuna norbere udalerrira mugatu zutenean hasi zen handitzen alkoholdun edarien salmenta herriko establezimenduetan. Azaroaren 7an, berriz, herriko tabernak ere itxi egin zituzten. Horrek areagotu egin zuen saltokietan alkoholdun edariak erosteko joera.

Joera hori datutan islatu da. Erdiguneko lau dendatan galdetuta, kontatutakoaren laburpena da salmenta handitu egin dela, batik bat, garagardo latetan; Kooperatiban, adibidez, bikoiztu egin da orain saltzen den lata kopurua. Ardoa ere gehiago saltzen da: Kooperatiban bikoiztu egin da ardo zuriaren salmenta eta Vidal fruta-dendan %30 handitu da bertako ardoen salmenta. 

Iñaki Etxabe harategian eta Criado fruta-dendan, berriz, oraingo “konfinamendu” honetan, oraingoz, ez dute salmenta igoerarik atzeman. Bai, ordea, udaberriko konfinamenduan. Izan ere, besteak beste, kontuan hartu beharra dago orain baimenduta dagoela ondoko herrietako saltokietara joatea erosketak egitera, beraz, pentsatzekoa da haietan ere erosiko dutela soraluzetarrek.

Kontuak kontu, herrian bai hasi dira gehiago saltzen. Segidan azaltzen diren datuak dira urriaren 27tik azaroaren 11ra bitartekoak dira: 

Kooperatibako datuak:

  • San Miguel markako 1.152 garagardo-lata saldu dituzte (gehien saltzen dena).
  • Cobeer markako 624 garagardo-lata saldu dituzte, (gehien saltzen den bigarrena).
  • Guztira, 1.776 garagardo-lata saldu dituzte. Egunean, 111
  • Kontuan hartu behar da bi marka horiez aparte, bestelakoak ere saldu dituztela. Baita garagardo botilatxoak ere. Horiek, baina, ez dira kontabilizatu. Beraz, garagardo kopuru handiagoa saldu dute.
  • Ardo zuria, Rueda estilokoa: 132 botila saldu dituzte. Aurreko asteekin konparatuta, bikoiztu egin da horren salmenta.
  • Vermoutha, Tio Pepe, erreserbakoak… ere igo egin da haien salmenta, baina ez da bikoiztu.

Vidal fruta-denda:

  • %30 handitu da ardo salmenta. Ardo bereziak izaten dituzte, erreserbako asko. Lehenagotik ere nahikoa ardo saltzen duela kontatu du Vidalek, “prezio aldetik inguruko preziorik onenak” baitituzte. Hala ere, orain gehiago saltzen duela dio.
  • Bestalde, Vidalek kontatu du, baita ere, Vermoutharen salmenta ere nabarmen igo dela, baina ez horrenbeste.

Azkenik, Iñaki Etxabe eta Criado fruta-dendan ere galdetuta, bi saltokiotan esan dute, oraingoz, ez dutela salmenta.-igoerarik igarri.