Maskarak merkeago

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 12a, 09:36
Maskara motak.

Espainiako Gobernuak BEZa jaitsiko die maskaren prezioari. %21eko BEZa aplikatu beharrean, %4ko BEZa aplikatuko die. Datorren astetik aurrera ezarriko dute irizpide berria, gaia Ministroen Kontseiluak landu ondoren. 

BEZaren jaitsiera maskara higienikoei, kirurgikoei eta FFP motakoei aplikatuko diete. Adibide bat jartzearren, BEZa jaistearen ondorioz, 0,96 euro balio duen musuko kirurgiko batek 0,80 euro inguruko prezioa izango du aurrerantzean. Edozein modutan, Espainiako Gobernuak iragarri du, baita ere, gehienezko prezioa legez ezarri egingo dutela.  

Maskara derrigorrezkoa

Gaur gaurkoz, maskararen erabilera derrigorrezkoa da. Oraingoz, ez dute derrigortu maskara mota jakin bat erabiltzera. Hau da, erabil daitezke higienikoak, kirurgikoak, FFP motakoak zein telaz egindakoak, beti ere, homologatuta badaude.

Hori bai, osasun zentroetara joateko maskara kirurgikoekin sartu beharra dago derrigor. Norberak izan ezean, osasun etxearen arrera zerbitzuan eska daiteke.

Inguruko herrialdetara begiratuta, Portugalen %6ko BEZa aplikatzen diete maskarei, Frantzian, %5,5a eta Alemanian %5.