'S(u/a)minetik bakera', bi alaba doluaren aurrean jarri dituen ikus-entzunezkoa

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 11a, 18:12

Bizikidetza jardunaldian parte hartu zuten protagonistetako batzuk, Herri Antzokian.

Bizikidetza eta Memoria jardunaldiak S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoaren ikustaldiarekin hasi ziren, atzo. Dokumentalak lantzen duen gaiaz gainera, deigarria da ikus-entzunezkoa bera erakusteko erabili zuten eszenografia; zuzeneko narratzaileak izan ziren eta soinu-banda zuzenean interpretatu zuten. 

Iñaki Peña (Patxi Lurra) medikuak zuzendutako dokumentala da S(u/a)minetik bakera. Olatz Etxaberi eta Sandra Carrascori Goienan egindako elkarrizketa banatan irakurritakoaren ondoren inspiratuta sortu zuen, Artemanen, orain dela hiru urte. 

Egileek dioten moduan “lan honek nahi du sumina eta samina atzean utzita, bakera arteko bidea egiten laguntzea”. Gai hori protagonista izan arren, ordea, dokumentalean doluari eta heriotzari buruzko gogoetak ere partekatzen dira. 

Gainera, ikus-entzunezkoaren aurkezpena modu berezian zaindu zuten. Zuzeneko narratzaileak izan ziren: Naia Egiluz eta Koldo Rodriguez. Musika ere zuzenean interpretatu zuen Aitor Monje Mudoh-ek. 

Soraluzen 16. emanaldia izan zuen S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoak. 25 bat lagun bertaratu ziren ikustera. Baketik Fundazioko bideratzaile Maialen Lizarralde izan zen moderatzailea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.