Gaztañerre azoka bako urtea

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 14a, 09:05

Iazko azoka.

Gaur, zapatua, pandemiarik ez balitz, Gaztañerre Azoka eguna ospatuko litzateke herrian. Ostera, antolatzaileek eta partaideek, azokarik ez egitea erabaki zuten, nahiz eta herriko ekoizle askorendako urteko azokarik onena izan azarokoa. Azoka bertan behera lagatzearen arrazoi nagusia ez zen izan azoka bera edo azokan segurtasun neurriak hartu eta distantziak zaintzeko ezintasuna, baizik eta azoka egunean herrian gertatu ohi den jende pilaketa saihestea. Hori dela eta, azokarik ez egitea erabaki zuten irailaren 25eko bileran.

Harrezkero, jakina den bezala, egoerak okerrera egin du. Besteak beste, tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak itxita daude. Gazteen lokalak ere bai. Gainera, Gaztañerren horren ohikoak diren kuadrilla handiak ere debekatuta daude.

Azoka ez egitea erabaki zuten hainbatek, irailaren 25ean helarazi zuten kezka, azoka debetatuta ere ez ote zen kontrolaezina izango hainbat kuadrillen elkartzeko eta parrandarako asmoak. Ikusgai dago hori.

Kontuak kontu eta zalantzak zalantza, azokaren antolatzaileendako eta protagonistendako benetan mingarria izan da azoka bertan behera lagatzeko erabakia hartu beharra. Segidan daude jasotako haietako zenbaiten ahotsak eta iritziak.

Elena Agirregomezkorta eta Ezozi Etxeberria: baserritarrak

"Tristura handia ematen du, baina…"

”Guretzat egun berezia da, egun handia, jai modukoa. Azokan bertan jendeak gehiago erosten du, guk ere produktu bereziagoak ipintzen ditugu (frutak, barazkiak, ogiak)… Lan handia egin behar izaten dugu, baina ondo ibiltzen gara, jendea elkartu, anai-arrebak, bazkaria egin… Beraz, ez egiteak tristura handia ematen du. Baina herrian gertatzen den jende pilatzea saihestu nahi dute, eta gu etortzea jendea tentatzea da. Ni (Ezozi) beste azoka batzuetan ere ibiltzen naiz, baina aurten asko ez dira egingo… Bestalde, Gaztañerre ez egiteko batzarrean erabaki zen beste azoka berezi batzuk egitea. Guk (baserritarrok) ez dugu haietan parte hartuko, larunbatetan etortzen gara kalera, beraz, betiko martxan ibiliko gara". 

Amaia Amor: artisaua

"Urteko azokarik inportanteena da"

"Ez zait erraza egiten erabakiarekin posizionatzea. Egoera dagoen moduan, alde batetik, ulertzen dut azoka ipini nahi ez izatea jendea pilatu ez dadin. Baina bestetik, pentsatzen dut alternatibaren batekin posible izango litzatekeela beste era bateko azokaren bat egitea. Nire ustez, Gaztañerre da urteko egunik indartsuena, polita, demaseko herri-giroa izaten da, jende asko etortzen da kanpotik… Artisauentzat eta baserritarrentzat ere oso polita da; lan handia hartzen dugu prestatzen. Niretzat, pertsonalki, urteko azokarik inportanteena da, urtean bakarrik bitan-edo parte hartzen baitut. Gainera, harrera oso ona izaten dugu; benetan poz handia ematen du ikusteak jendeak zenbat baloratzen duen egiten duzuna".  

Oier Cerrejon: ganaduzalea

"Hobe hurrengo urterako lagatzea"

"Bileran ikusi genuen Erregetxen azoka egitea posible dela, jende pilaketa kontrolatuta eta segurtasun neurriak zainduta. Baina herrian egun horretan sortzen den jende pilaketa
kontrolaezina da; gainera, jendearendako parrandarako eguna da eta horrek zaildu egiten du kontrolatzeko aukera. Hori bai, pena handia ematen du. Urteko egunik onena da, jaien aurretik. Kuadrillak elkartzen dira, herrian demaseko giroa egoten da… Guretzat ere egun polita izaten da; egunean bertan lan handia hartzen da ganaduak jaisteko eta aurreko egunetan ere bai. Baina egoera ikusita eta gero eta okerrago goazela ikusita… azkenean hobe hurrengo urterako lagatzea. Ez du merezi arriskatzerik, egoera eskasa da". 

Roman Maiztegi: Debemeneko langilea

"Pena ematen du, egun onenetarikoa da"

"Lehen Gaztañerre azokatik dihardugu muntatze-lanak egiten bertan. Aurtengo azoka ez egitearen erabakia ulertzen dut, ze gainera egoera okertzen ari da. Hori bai, pena handia ere ematen du, herriko egun onenetarikoa da Gaztañerre. Bestalde, gu, adibidez, ERTEan gaude martxotik. Pandemia hasi eta berehala ikusi genuen guk muntatzen ditugun moduko azokak bertan behera geratu behar zirela. Enpresan ERTEan dago muntatze-desmuntatze lanei eskaintzen dien lan-jardunaren bestekoa. Izan ere, azoka tradizionalen partez, txikiagoak antolatu izan dituzten arren, halakoak muntatzeko gu ez gaituzte kontratatzen, ez da behar. Gainerakoan, hori bai, bestelako lan batzuk egiten segitzen dugu".  

Roke Akizu: Ingurumeneko eta Landa Garapeneko kidea, EH Bildu

"Diru-sarrerak banatu egin beharko lirateke"

"Osasun aldetik garbi dago aglomerazioak ezin direla sustatu eta gutxiago norberak antolatu. Ondo ikusten dugu azoka bertan behera lagatzea, baina pentsatzen dugu ez dela egin oso lanketa mamitsua diru-sarrerei begira. Egia da urte osoan honetan gabiltzanotatik inor ez dela geldituko ekoizpena saltzeke. Baina uste dugu horiei bermatu beharko egin beharko litzaiekeela dietak, besterik ez bada ere. Irizpide jakin batzuen arabera dieta horiek banatu egin beharko lirateke. Urte osoan ari direlako lanean. Eta horrez gainera, aukera eman beharko litzaieke  beste egun batzuetan ere saltzeko. Zelako azpiegitura ematen zaien ere aintzat hartu beharko litzateke, eta adibidez, haimak muntatuta utzi eta ez lan hori norberaren esku laga ". 

Ramon Gallastegi: Ingurumeneko eta Landa Garapeneko zinegotzia, EAJ

"Dei efektua saihestu nahi da erabakiarekin"

"Guk bultzatu genuen erabakia. Garbi dugu baserritarrendako eta artisauendako urteko egunik inportanteena dela askogatik. Baina, denok dakigu egun horretan herrian bertan eta kanpoan bizi diren plazentziatarrak elkartzen garela kuadrillan eta familian, eta jaiak baino egun handiagoa. izaten dela. Pentsatu genuen dei efektua izango zuela azoka egiteak eta onena suspenditze zela erabaki genuen. Baina, baserritarrei eta artisauei eskaini genien edozein zapatutan, domekan, zubitan… azoka bereziak egiteko aukera, artisauek egin izan duten moduan. Gaztañerre ez egiteak dakarren kalte ekonomikoa zelanbait konpentsatzeko. Egoera okertzen doa, gainera. Jai nagusi barik geratu gara eta Gaztañerre barik geratu beharko gara. Datorren urtean ospatuko ditugu".