Indarkeria matxistari aurre egiten laguntzeko gida

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 11a, 09:37

Patricia Borinaga Berdintasun zinegotzia gida eskuetan duela, kontzejupean, atzo, martitzena.

Datozen egunotan, emakumeen aurkako indarkeria hizpide duen gida banatuko dute etxez etxe. Besteak beste, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek eskura dituzten baliabideen eta zerbitzuen berri emango dute bertan. Bestalde, barikuan hasiko da Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako egunaren harira antolatutako egitarau mardula. Besteak beste, Amparanoia izango da Soraluzen.

Azaroan, indarkeria matxistarekin lotutako gida banatuko du Udaleko Berdintasun Sailak, hilaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguna dela kontuan hartuta.

Patricia Borinaga Berdintasun Saileko batzordeburuak esplikatu duenez, gidaren helburua da "herritarrei laguntzea argi eta garbi identifikatzen zer den emakumeen kontrako indarkeria eta indarkeria mota hori zelan gauzatzen eta agertzen den" . 

Laguntza medikoa, informazioa…

Horrekin batera, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek eskura dituzten baliabideen eta zerbitzuen berri ere badakar gidaliburuak: arrisku kasuetarako, laguntza medikoa behar den kasuetarako edo informazioa zein arreta behar den kasuetarako. Gidaliburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute.

Amparanoia eta beste

Bestalde, barikuan, azaroaren 13an hasiko da Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako egunarengatik antolatutako aurtengo egitaraua, helduendako Trabajos de Interior antzezlanaren emanaldiarekin (19:30ean Herriko Antzokian). 

Hortik aurrera, beste bost hitzordu egin dituzte.

  • Azaroaren 19an, Mujercitas pelikula proiektatuko dute (18:30ean, antzokian)
  • Azaroaren 22an, Dama Beltzak musika saioa izango da (18:00etan, antzokian). Estitxu
  • Pinatxoren eta Mikel Sanchezen proiektua. Musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten dama beltz batzuei errekonozimendua egitea dute helburu: Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin.
  • Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako agerraldia (19:00etan, Plaza Berrian).
  • Azaroaren 29an, La niña y el lobo liburuaren aurkezpena eta ondoren hitzaldia (12:30ean, antzokian) Amparo Sanchez Amparanoia izango da hizlaria.
  • Azaroaren 29an, Amparo Sanchez beraren kontzertua, 18:00etan antzokian. 

Egitarau hori Soraluzeko Udaleko hainbat sailen eta Errabal Kultura Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da.