Pentsioen iraunkortasun faktorea kendu beharra dagoela uste dute pentsiodunen mugimenduek

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 9a, 12:02

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduari “bereziki larria” iruditzen zaio Toledoko Itunaren Batzordearen gomendioetan ez jasotzea Iraunkortasun Faktorea kendu beharra dagoela. Hau da, bizi-itxaropena areagotu ahala, pentsioak murrizten dituen faktorea kentzea. Azpimarratu dute “pentsiodunen mobilizazioen ondorioz” atzeratu zela faktore hori indarrean sartzea, baina ezabatu ezean, 2023an sartuko dela indarrean.

Gaur, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko aldarrikapena Iraunkortasun Faktorearengan zentratu dute. Uste dute, bai ala bai, kendu egin beharra dagoela. 

Salatzen dute, besteak beste, “Pentsioen Sistema Publikoaren iraunkortasuna aitzakiatzat hartuta”, faktore hori mantendu egiten dela, “pentsiodunak eta, bereziki, etorkizuneko belaunaldiak pobretze orokorrera kondenatuz”. 

Zentzu horretan, batez ere emakumeen egoera azpimarratzen dute. “Toledoko Itunaren Batzordeak berak agerian uzten du gizonak eta emakumeak Gizarte Segurantzaren esparruan parekatzeko egiturazko neurriak hartu behar direla, bai lan-arloan, bai eta Gizarte Segurantzaren arlo espezifikoan ere. Hala ere, Batzordearen gomendioak kasu askotan orokorrak eta irekiak dira interpretatzeko orduan, eta, beraz, ez dute hobetzeko bermerik ematen botere legegileak arauetan islatu behar dituenean".

"Emakumeen pentsioak"

Hori horrela, uste dute “beharrezkoa” dela “emakumeek pentsioak sortzea, funtsean eskubide propio bezala, eta ez eskubide deribatu bezala. Emakumeak gehiengoa gara pentsiorik baxuenak jasotzen, gutxienekorako osagarriak eta alarguntza-pentsioak jasotzeko orduan”, diote.

Ildo beretik, uste dute “1080 euroko gutxieneko pentsioak milioika emakume pentsioduni erasotzen dien bidegabekeria larria” konponduko lukeela.