Herriko tabernariak oso arduratuta

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 5a, 10:58
Txokoko eta Batzokiko terrazak, gaur goizean, eguena.

Soraluzeko tabernariak “oso arduratuta eta minduta” daude COVID-19aren pandemia dela-eta, “sufritzen” ari direnarengatik. Uste dute “pandemiari aurre egiteko neurriek ostalaritza jomugan” hartu dutela. Neurri horiek eragiten dieten kalteari aurre egiteko, beharrezko ikusten dituzte dirulaguntzak. 

Herriko tabernariek aho batez adostu duten oharrean salatzen dute, besteak beste, pandemia hasi zenetik inork baino betebehar gehiagori egin behar dietela aurre, ostalaritza “jomugan” hartu dutelako. 

Gogora ekartzen dute tabernak eta jatetxeak “familia askoren diru-iturri” direla eta kalte handia eragiten ari zaiela. Azpimarratu dute, orain arte, ostalariek “bete” dutela “eskatu izan” zaiena. Baina diote diru-iturri barik geratu behar badira, “laguntzaren bat” ere jaso beharko zuketela. Esplikatu dute, gaur gaurkoz, goi mailako erakundeek (Lehendakaritzak…) iragartzen dituen dirulaguntza horiek ez direla eurenganaino ailegatzen.

Hona hemen tabernariek aho batez adostu duten oharra:

Soraluzeko ostalariok oso arduratuta eta minduta gaude COVID-19aren pandemia dela-eta, sufritzen ari garenarengatik. Uste dugu pandemiari aurre egiteko neurriek ostalaritza jomugan hartu dutela. Alde batetik, guri exijitzen zaizkigun betebehar asko ez dira bestelako leku batzuetan exijitzen. Adibide batzuk:

  • 1- Mahaiak, jarlekuak… desinfektatu egin behar ditugu etengabe.
  • 2- Bezeroak zaindu behar ditugu ez ditzaten maskarak kendu eta segurtasun distantziak gorde ditzaten.
  • 3- Tabernaren/jatetxearen edukiera %50era mugatuta dago.
  • 4- 23:00etarako itxi egin behar dugu zerbitzua.
  • 5- Tabernako/jatetxeko langileetako batek positibo ematen badu taberna itxi egin behar da behin-behinerako. Berriro ere zabaldu ahal izateko, lokal osoa desinfektatu beharra dago, lanean hasi behar direnei PCRak egin behar zaizkie eta haien emaitza negatiboa Osasun sailera bidali beharra dago…

Halako neurriak ez dira eskatu ere egiten eskoletan, garraio publikoan, merkataritza zentro handietan… Zergatik ostalaritzan bai? Familia eta langile askoren diru-iturria diren tabernak eta jatetxeak izugarri ari dira kaltetzen.

Gainera, halako neurriekin gutxi ez eta azken egunotan hartutako neurriak ez dira batere ondo azaldu. Herritarren artean nahasketa handia eragin dute. Ikusi bestela zenbat kirol jarduera eten diren eta gero berriro abiarazi. Gauza bera gertatu da ostalaritzako negozio askorekin ere. Baina, gure kasuan, nahasketa ez ezik, kalte ekonomikoak ere eragin ditu.

Ulertzen dugu bizi dugun egoera latza dela-eta neurri gogorrak hartu behar izatea. Martxoan eta orain erakusten ari garen moduan, ostalariok bete dugu eskatu izan zaiguna. Baina horrekin batera, uste dugu diru-iturri barik geratu behar bagara, laguntzaren bat ere jaso beharko genukeela. Askok kontrakoa uste duten arren, Lehendakariak-eta iragartzen dituzten dirulaguntza horiek ez dira sortutako kaltek estaltzeko nahikoa, ezta gutxiago ere. Kasu gehienetan, gainera, gureganaino iritsi ere ez dira egiten.