'Elkarfunding': euskal presoen senideen kilometroak erosteko elkartasun ekimena

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 5a, 08:35

Soraluzeko Presoen Aldeko Txosna Batzordeak jakinarazi du Santa Ana jaietako txosna ez ipintzeak “elkartasun ekonomikoa bideratzeko bide berriak” abiaraztera eraman dituela. Elkartasun hori “euskal presoen senideek bisitak egin ahal izateko urtean egin behar dituzten 14.617.304 kilometroetako batzuk modu solidarioan erostean datza”. Azaroan abiaraziko dute ekimena.

Elkarfunding izena eman diote ekimen horri eta jakinarazi dute kilometroak erostearen truke hainbat produktu eskuratuko direla opari: poltsak, kamisetak, giltzarrapoak zein zintzilikarioak. 

10-20 euro bitarteko erosketak egin ahal izango dira. 

1. 130 kilometroko erosketa, 10 euroko laguntzaren bidez: poltsa bat opari
2. 190 kilometroko erosketa, 15 euroko laguntzaren bidez: kamiseta bat opari
3. 260 kilometroko erosketa, 20 euroko laguntzaren bidez: poltsa + kamiseta + giltzatako-zintzilikaria opari.

Soraluzen erosketak egiteko bi modu izango dira: azaroaren 12an, 13an eta 14an kalean ipiniko duten saltokian edo hemen klikatuta azaltzen den formularioa beteta.