"Soraluzeko jendea jatorra eta oso lagunkoia da"

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 4a, 15:04
Alazne Mugika Mugika erizaina anbulatorioan, urrian.

Alazne Mugika Mugikak 2011tik jardun du erizain lanetan Soraluzen; baita lehenagotik ere, tarteka: “Hemen lehen arretarik ez zegoenean (1989), Elgoibartik Soraluzera etortzen nintzen, baita pediatria egitera ere (90eko hamarkadan)”. Ezagun askoa dute bergararra, batik bat, baserri inguruetan.

Leku askotan egondakoa zara…
Crucesen, Sestaon, Hospital de la Marinan…aurretik, erizain espezialitatea (psikiatria) Araban egin nuen. Hasi, baina, Parisen hasi nintzen gaixoak zaintzen, COU egiten nuen bitartean. Ikasi eta lana, biak batera egiten nituen Frantzian.

Soraluzen 2011tik jardun duzu lanean, zuk eskatuta?
Bai. Etxetik gertu nuen eta hemengo jendea gustuko dut. 

"Soraluzeko jendea beste era batekoa da"

Zer dela eta?
Gehienbat hemengo jendea ez delako hiritarra. Herriko ukitua du, baserritar ukitua. Beste era bateko jendea da. Neu ere, izatez, baserritarra naiz. 

Zelako jendea gara, ba?
Agian lotsatiagoak, baina behin ezagututa, oso hurbileko jendea eta kontuan hartzen zaituena. 

"Soraluzeko udaltzaingoari, Mendizabal okindegiari eta Arrate Irratiari eskerrak eman nahiko nizkieke"

Erretiroa, pozik, penaz… hartu duzu?
Bietara. Azken egoera oso gogorra izan da, gehienbat jende faltarengatik. Lan handia izan da. Etxez etxe ibili naiz, Sintrom-ak eta ematen. 10-12 abisu izaten nituen egunero, egoera normalean 2-3 izaten dira. Gainera, asko baserrietakoak ziren, eta haietara joateko bideak… Zentzu horretan, hilabeteotan izandako laguntzarengatik eskertzeko gogoa dut: Udaltzaingoari, jendearendako materiala bertan lagatzen nuelako; Mendizabal okindegiari, Sintrom orriak lagatzen nituelako eta Arrate Irratiari, hori dena ondo antolatzen lagundu zidatelako, abisuak irratiz emanez. Adineko jendea oso urduri zegoen, eta jende edadetuak asko entzuten du Arrate Irratia.

Soraluzetarrak osasun aldetik arruntak gara?
Bai. Baina aldi berean hemen jende nagusi asko dago, batik bat emakumeak. Hemen egon zen pediatra batek esaten zuen, hemengo andrek horrenbeste lan egiten zutenez, (atari bakoitzean zegoen torloju-fabrika bat, emakumeek ere lan egiten zuten), aktibitate horri esker ere izan zitekeela luzaroan bizitzea. 

"Soraluze lan egiteko leku aproposa da"

Zer esango zenieke lantokia aukeratzeko dauden osasun profesionalei?
Lana egiteko leku aproposa dela; jendea jatorra da eta oso lagunkoia. Gainera, Soraluze alde guztietatik gertu dago. Askok ez dakite ezta non dagoen ere. 

Beste zerbait nahi baduzu gaineratu…
Hemen oso gustura egon naizela, baita lankideekin ere, guztiekin, gainera. Oso giro ona dago.