Inspekzioa pasatu beharko dute 50 urtetik gorako baserriek

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 3a, 18:00

Ernizketa baserria.

Kaleko etxeek moduan, 50 urtetik gorako baserriek ere Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) egin beharko dute aurrerantzean. Betebehar horretatik salbuetsita geratuko dira nekazaritza-ustiapena egiten duten baserriak.

Soraluzeko Udaleko eta Debemeneko ordezkariek baserritarrekin egindako bileran jakinarazi zutenez, aurrerantzean, 50 urtetik gorako baserriek ere pasatu beharko dute Eraikinen Ikuskapen Teknikoa. 

Haren bitartez, eraikin horien egoera orokorra aztertuko da, egiturazko arazorik baduten ikuskatzeko. Egoeraren diagnostikoarekin, eraikinak izan ditzakeen akatsak edo gabeziak identifikatzen dira. Ondoren, akats horien larritasun maila finkatuko da eta haren arabera, egin beharreko konponketa adierazi eta hura egiteko epe-muga zehaztuko da.

Inspekzioa egiteko aholkularitza Debegesan eskura daiteke; bestalde, dirulaguntzak eskatzeko aukera ere badago eta horretan ere laguntzen dute.

Eusko Jaurlaritzak 2014an onartu zuen 50 urtetik gorako etxeen ikuskapena agintzen zituen dekretua. Orduan, agindu horretatik kanpo geratu ziren baserriak. Aurrerantzean, ordea, haiek ere egin beharko dute ikuskapena. Hori bai, nekazaritza-ustiapena duten baserriak agindu horretatik salbuetsita segituko dute.