Nortasun herrikoia duten 12 doinu berri, Xabier Zabalaren disko berrian

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 3a, 12:02

Musika Plazan izenburuarekin disko berria kaleratu du Xabier Zabala musikari zarauztarrak. Akordeoia oinarri duten 12 doinuk osatzen dute liburu-CD hori, “nortasun herrikoia duten” 12 doinuk. Horietako bat da Zuretzat Ohorezko kontrapasa edo Agurra. Ikusgai haren bideoklipa. 

Musika Plazan diskoan, bertan aurkezten dituen 12 doinuez batera, haien partiturak ere eman ditu argitara Xabier Zabalak, “nahi duenak musika tresna desberdinekin (akordeoia, txistua, gaita, biolina, gitarra…) interpretatzeko aukera izan dezan”.

Diskoaren aurkezpenean esan duen moduan, “material hau guztiau euskal dantzetako taldeentzat ere aproposa da; bertan aurki daitezke, besteak beste, Txapeloaz, Agurra eta Dantza jauzia doinu berriak. Azken batean, akordeoia inguru herrikoian eta jai-giroan azaldu nahi izan duen CDa” da.

Andoni Egaña bertsolariak egin du diskoaren hitzaurrea.

Xabier Zabala musikari zarauztarra da, baina lotura handia du Soraluzerekin. Besteak beste, bertakoa du bikotea eta sarri izaten da Soraluzen bisitan, batik bat, Gaztañerre azokan.