“Poz ematen du ikusteak zer egin dezakegun”

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 3a, 15:43
Aidor Aizpuru eta Agustin Jauntsarats. Argazkia: Fernan Oregi.

Aidor Aizpuruk (Soraluze, 1978) eta Agustin Jauntsaratsek (Soraluze, 1958) margolanen erakusketa ipiniko dute azaroaren 16tik 28ra bitartean, Erakusketa Gelan; bi margolariak dira Krabelin Pintura Eskolako ikasleak.  

Zelako margolanak ipiniko dituzue?
Agustin Jauntsarats (A.J.): Hainbat urtetakoak. Batzuk hiperrealismo sasoikoak, beste batzuk abstraktuak… denetik, horrenbeste ditut…
Aidor Aizpuru (A.A.): 9 margolan ipiniko ditut. Nik hiperrealismoa lantzen dut. 

Zailtasunak dituzue ohiko bizimodurako; margotzeko ere bai? 
A.J. Nik ez. Fisikoak, bakarrik, lokalera joateko. Bestela, eskuak ondo ditut. 
A.A.: Hasieran, pintzelak oratzeko arazoak nituen, baina poliki-poliki truko batzuk hartu ditut. Egin eta egin eta lortu egiten duzu.   

Noiztik margotzen duzue? 
A.J. Mutikotatik margotzen eta marrazten dut.Etenaldiekin. Soraluzen pintura eskola dagoenetik (kiroldegian zegoenetik) bertan nabil. Teknika desberdinak ikasteko hasi nintzen, olioa, akuarela… 
A.A. Pintura eskolara joan aurretik ere gustuko nuen margotzea, baina sekula ez nuke pentsatuko olioan margotuko nukeenik. Probatzea pentsatu nuen eta orain dela 9 urte pintura eskolan hasi nintzen, oinarri-oinarrizko gauzak probatzen. Harrezkero oso gustura nabil. Erakusketa honen bitartez erakutsi nahi dut, baita ere, ezintasunak izan arren gauzak lor daitezkeela.

Zer ematen dizue margotzeak? 
A.J. Poz ematen dit ikusteak zer egin dezakedan. Margotzen nabilenean arazo guztiak ahaztu egiten ditut, fisikoak eta bestelakoak. Ez dizkiot buruari bueltak ematen.
A.A. Lasaitasuna ematen dit, baita poztasuna ere, ikusten dudalako zerbait lortzen dudala. 

Zer gustatzen zaizue margotzea? 
A.J. Gustuko dudan lekuren bat ikusten badut, argazkia atera eta hori margotzen dut. Azken boladan, abstraktua lantzen dut gehiago. Noizbehinka errealista batzuk egiten ditut. Baina urteekin pazientzia galtzen ari naiz. Orain brotxa bizkorrekoa naiz. Ez dut gustuko lan batekin denbora luzea ematea. Bestalde, lanen %80 olioan egin ditut, baina denetik probatu dut: akuarela, pastelak, ikatz-margoak…
A.A. Herriak eta paisaiak. Kostaldeko inguruak oso politak dira, itsasoaren koloreak: urdintasuna eta berdeak… Bospasei hilabete ematen dut margolan batekin; erlaxatu egiten nau. 

Zenbat margolan egin dituzue?
A.J. 40-50… Sakabanatuta ditut, ez dakit zenbat ditudan. 
A.A. 15 bat izango dira. 

Egindakoen artetik baduzue gustukoren bat? 
A.J. Bai. Pare bat edo. Etxean lekua dute, niretzat nahi ditut; ondo pasatu dudalako margotzen edo, beste, barik gustuko dudalako. Eskolan hasi nintzeneko pare bat eta egin ditudan azken abstrakturen bat edo beste dira. 
A.A. Bizpahiru bai. Bata da Getariari buruzkoa. Egin nuen lehenengoetarikoa. Beste bat Soraluzekoa, hiru zatitan dago banatuta. Getariakoa hango Saiaz hotelean dago ikusgai. Ea han ipintzea nahi nuen esan zidaten eta han dago orain dela pare bat hilabete. Laster ekarriko dut, hemengo erakusketan ipintzeko.

Saltzen duzue margolanik? 
A.J. Bat edo bi saldu izan ditut, baina gehienak oparitu egin ditut. Erakusketan norbaitek nahi badu, salduko diot… Hartara, etxean lekua egingo dut eta margotzeko materiala erosteko dirua eskuratuko dut, zaletasun garestia da eta.
A.A. Nik ez dut saldu. Oparitu egin izan ditut, baina gutxi ditut. Orain ere ez ditut salduko. Eskaini izan didate dirua, baina margolanek barne-poza ematen didate.

Beste ezer gaineratu nahi baduzue… 
A.J. eta A.A. Herriko pintura eskola ez galtzea, gazteen artean dagoen zaletasuna mantentzeko eta gazteek aukera hori izan dezaten. Eibarren, adibidez, pintura eskola munizipala dago.