Kejak eta eskarixak

Autobusa ez zen Soraluzera sartu

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 2a, 19:01
Autobusa Zubi Nagusiko geltokian.

Joan den urriaren 20an, Donostiarako autobusa ez zen Soraluzeko geltokitik pasatu. Hori dela-eta, kexua aurkeztu zuen M.D. herritarrak. Kexuari erantzun diote esanez jakinekoa zela egun horretan Espainiako Vueltak Lurraldebusen zerbitzuetan eragina izango zuela. Berriro ere kexua aurkeztu du soraluzetarrak, egun berean, Eibarrerako autobusak, haiek bai pasatu baitziren Soraluzetik.  

Urriaren 20an, M.D. soraluzetarrak ospitalera joan behar zuen. Ia bi orduz egon zen autobusari itxaroten Zubi Nagusiko geltokian. Deitu ere deitu zuen Lurraldebusen bezeroen arretara Donostiarako zerbitzuarengatik galdezka eta erantzun zioten Espainiako Vueltarengatik atzeratuta zebilela, baina ailegatuko zela. 

Hortik gutxira, Eibarrerako hiru autobus pasatu ziren Zubi Nagusitik; haiek ere berandu, Espainiako Vueltarengatik. Haietako baten gidariari galdetu eta hark esan zion, baietz, atzetik zetorrela Donostiarako autobusa. Hura, ordea, ez zen Soraluzeko geltokira iritsi. Azkenean, autoz eraman behar izan zuten ospitalera M.D. soraluzetarra.

"Kalera irten behar?"

Autobusaren erabiltzaileak hori guztia jasotzen zuen kexua aurkeztu zuen Lurraldebusen, Diputazioan eta Soraluzeko Udalean. Gainera, kexuan jakinarazi zuen 2020an sei bider gertatu zaiola gauza bera: Donostiarako autobusa ez da Soraluzeko geltokitik pasatu.

Honako galderak egin zituen kexuaren bitartez: 

  • Zergatik ez da Soraluzen sartzen Lurraldebusen web orrian iragarritako zerbitzu hori hemendik pasatuko dela baldin badiote?
  • Zein da halako zerbitzu publiko kaskarrak izan lezakeen justifikazioa?
  • Gainera, ez da halako zerbait egiten duten lehen aldia. 2020an, niri, behintzat, SEI bider gertatu zait gauza bera. Eta nik autobusa ospitalera joan-etorriak egiteko erabiltzen dut. Beraz, are larriagoa iruditzen zait zerbitzu horren funtzionamendua. Ospitalera joatea beharrezkoa da, ez da luxua.
  • Bestela, berriro ere kalera irten beharko gara Soraluzerako garraio publiko duinak eskatzera? Ni, behintzat, gertu nago hori egiteko. 

Errepidea itxita zegoelako

Kexuaren erantzuna jaso berri du M.D. herrikideak, Lurraldebusengandik. 

Bertan, Lurraldebusek onartu egiten du urriaren 20an autobusa ez zela Soraluzetik pasatu. Diote zerbitzu horrek aldaketa izan zuela, Espainiako Vueltarengatik errepidea itxita zegoelako. Gaineratu diote, “ohiko kanalak baliatuta” informatu zela Espainiako Vueltako lehen etapak eragina izango zuela Lurraldebusen lineetan. 

Soraluzetarrak salatzen dituen beste sei kasuak direla-eta, berriz, “datu zehatzak” eskatu dizkiote, “erantzun egokia” eman ahal izateko. 

Eibarrerakoak bai

Erantzunarekin konforme ez eta beste kexu bat aurkeztu du M.D. soraluzetarrak. Lurraldebusi gogora ekarri dio telefonoz deitu zuenean Donostiako zerbitzuaz galdezka, baieztatu ziotela hura Soraluzetik pasatuko zela. Gogora ekarri dio, baita ere, egun horretan Eibarrerako hiru autobus pasatu zirela Soraluzetik, beraz, horrek baliogabetu egiten duela Lurraldebusen erantzuna eta bere ustez, “mantendu egin behar zutela” eskaintzen duten Donostiarako zerbitzu publikoa. 

Gainerako sei aldiei, buruz, esan die “zoritxarrez” ez duela gertatutakoaren frogarik, baina seguru aski Lurraldebusek izango duela haien berri, “bere informazio sisteman”.