Toledoko Itunaren gomendioekiko adostasun barik

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 2a, 12:02

Pentsio publiko duinen aldeko gaurko oharraren arabera, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimendua ez dago ados “Toledoko Itunaren Legebiltzarreko Batzordean gehiengoz” onartu ziren gomendioekin. Besteak beste, salatu dute gomendio horien arabera, “pobreziaren-mugatik urrun dauden miseria-pentsioak mantendu” egiten direla.

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak dioenez, euren “aldarrikapenen zati handi bat ez dago Toledoko Itunaren gomendioetan”.

Honakoak:

  • 2011ko pentsioen erreformei eta pentsioak %40 murriztuko dituen Iraunkortasun Faktoreari eutsi egiten zaie.
  • Pentsioetan dagoen genero-arrakala mantendu egiten da.
  • LGSraklo eta Gutxieneko Pentsiorako Europako Gutun Sozialaren nahikotasun-kriterioak urratu egiten dira, eskatzen ditugun 1.200 eta 1.080 euro baino gutxiago eskainiz eta pobreziaren mugatik urrun dauden miseria-pentsioak mantendu egiten dira.

Pentsio pribatuak bultzatu

Halaber, “uko” egiten diete “murrizketak areagotzen dituzten” gomendioei. Honakoei:

  • Erretiro aurreratuaren zigorrak handitzea eta erretiro-adina borondatez atzeratzea sustatzea.
  • Gutxieneko pentsioak handitzeko erreferentzia-indize berriak asmatzea, Europako Gutun Sozialaren irizpideak saihesteko asmoarekin.
  • Alarguntza-pentsioan baldintza berriak sartzea, de facto kotizaziopeko pentsioaren izaera pixkanaka gal dezan, asistentzia-sisteman sar dezan.
  • Asistentzia-sistemetan kotizaziopekoak ez diren pentsioak, gutxieneko pentsioaren osagarriak eta alarguntasuna sartzea; horrek sistema publikoaren banaketa-izaera murrizten du, eta murriztu edo desagerraraztea errazten du.
  • Pentsio-plan pribatuak baliabide publikoekin bultzatzea. Pentsio-plan eta -funts pribatuei (BGAEak barne) zerga-onurak indargabetzea eskatzen dugu.

"Borondate eta lehentasun politikoa"

Gainerakoan, “ospatu” egiten dute onartu izana Gizarte Segurantzak bere gain hartu dituela berez ez zegozkion hainbat gastu. Izan ere, gastu horiek egin ez balira, “gaur egun nahikoa baliabide egongo ziren Erreserba Funtsean pentsio publiko hobeak bermatzeko”. 

Hori dela-eta, eskatzen dute “2011ko eta 2013ko erreformen alderdi atzerakoiak indargabetzea”.

Bukatzeko, berretsi egiten dute “pentsioen sistema publikoa bideragarria” dela. “Borondate eta lehentasun politikoen arazoa da, funtsean, aberastasuna modu bidezkoan banatzeko arazoa da”.