Urria | Efemerideak V

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 1a, 09:05

Espilla baserria.

Francisco Garate Unceta-Barrenechea soraluzetarra hil zutenekoa, Ascensio zenaren omenezko kontzertua eta besteak beste, herriko balizko arkeologia guneak hizpide dira urriko azken asteko efemerideetan.

Urriaren 26

1930 urtean Casino Liberaleko 53 lagun, bazkide eta zaleak, Debako Ostolaza Fundazioa bisitatu zuten. 
Gerorako, bertako bisita liburuan denok sinatu zuten. Fundazioaren sortzailea, José Manual Ostolaza Zabala, errepublikazale liberal sutsua zen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 

 
Urriaren 26 

1936 urtean Francisco Gárate Unceta-Barrenechea soraluzetarra preso hartu zuten Madrilen, eta gero hil. 
Sasoi hartan Madrilen ari zen lanean, Hipodromo ondoko Carrocería Moranten. Juan Gárate anaiaren arabera, urriak 26an bila etorri zitzaien eta preso eraman zuten. Gorpua egunetara agertu zen, Madrilen bertan. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 28 

1936 urtean Esteban Oregui Solabarrieta zinegotziak, soldadu nazionalak herrian eragiten ari ziren gastuei aurre egiteko, zera proposatu zuen: ihes egindako etxe jabeen kasuetan Udalak etxe-alogerak zuzenean kobratzea. 
Idazkariak erantzun zuen ez zuela ezagutzen inolako legerik halakoak baimentzen zituenik. Azkenean sakonago aztertzea erabaki zuten. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 28 

2017 urtean Don Ascensio zenaren kontzertu-omenaldia egin zen, Soraluzeko Parrokian. 

Urte bereko bigarren kontzertua izan zen, eta partaideak herriko txistulari banda, Ezoziko Ama abesbatza, Bilboko Euskeria Haur Abesbatza eta Iñigo Alberdi (organo joz) izan ziren. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 29 

1517 urtean Pedro de Placencia harginari 29.200 marabedi ordaindu zioten, Hastategiko gazteluan 31 horma egiteagatik. 

Lan hauek, Hastategi tontorrean Fortaleza del Peñón de San Juan de Santa María eraikuntzarenak ziren. Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu zuenean (1512) gotorleku zaharrak berriztu eta berriak ekiteari egin zion. Pedro de Placencia, "el castellano" eta "vecino de Placencia", izan zen hastategko maisu hargina urte batzutan. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 30 

1997 urtean Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Soraluzeko 25 toki balizko arkeologia gune izendatu zituen. 
25 gune horietan denetik dago: baserriak, errotak, burdinolak, elizak, megalitoak... 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).