Mesedeetako egoitzan eta Eguneko Zentroan positibo barik

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 30a, 12:50

Eguneko zentroa zabaltzen, gaur goizean.

COVID-19 pandemia gogortzen ari den testuinguruan, Mesedeetako egoitzan zein eguneko zentroan, sikiera, positibo barik segitzen dute. Bestalde, herriko ikastetxeetan aurrez aurreko jardunarekin segitzen dute eta, oraingoz, ez dago ikasgelarik itxita.

Mesedeetako egoitzari dagokionez, bertako erabiltzaile guztiei (egoiliarrei zein langileei) PCR probak egin berri dizkiete eta emaitza guztiak izan dira negatibo. Eguneko zentroari dagokionez, berriz, zabalik segitzen du eta hur ere “garbi” dagoela jakinarazi dute. 

Ikastetxeek aurrez aurre dihardute

Plaentxi Herri Ikastetxean, berriz, hainbat ikasle berrogeialdian dira edo izan dira, baina ez dute ikasgelarik itxi, are gutxiago ikastetxea. Berrogeialdian dauden ikasleei (gaixorik ez badaude) telematikoki zerbitzua eskaintzen ari dira.

Soraluze BHI Institutuari dagokionez, han ere hainbat ikasle berrogeialdian dira, baina gainerakoan, normal ari dira aurrez aurreko eskolak ematen. Han ere, etxean daudenei classroom bitartez ematen diete hezkuntza zerbitzua. 

Azkenik, egoera berean da Soraluzeko Musika Eskola: aurrez aurreko eskolekin segitzen dute, baina hainbat ikasle online eskolak jasotzen ari dira, berrogeialdian daudelako.