Kultur ekimenetarako sarrerak eskuratzeko bonuak banatu ditu ikastetxeetan Aldundiak

BABESTUTAKO EDUKIA 2020ko urr. 30a, 11:25

Proiektuaren helburua da 16 eta 17 urte bitarteko ikasleek kultur ikuskizunetarako eta museoetarako sarrerak eskuratzea eta kultura-sektoreko enpleguari laguntzea. Bonuak trukatzeko epea, igandean, azaroaren 1ean, bukatuko da, eta horretarako kultur aretotara eta museotara jo behar dute.

Gipuzkoako 30 herritako 109 ikastetxetan 33.000 bonu banatu ditu Foru Aldundiak. Kultura Eskola Bonuak du izena proiektuak eta Piztu Kultura ekimenaren esparruan kokatzen da. Harkaitz Millan diputatuak azpimarratu duenez, kulturaren bueltako sektorea "aintzat hartu" eta "biziberritu" egin behar da: "Kultura bazterrean uzten badugu ez da benetako susperraldirik egongo. Kultura funtsezko ondasuna da".

Izan ere, azaldu du ekimenak bi helburu dituela; batetik, sektorea suspertzea, baina bestetik, kultur ekoizpenak eta ekintzak herritarrengana hurbiltzea ere bai. Horregatik, bonuak batxilergoko eta erdi mailako lanbide heziketako ikasleei eman zaizkie. Ikasleek azaroaren 1era arte dute bonuak trukatzeko aukera, eta abenduaren 31ra arte luzatuko da ikuskizun eszenikoetan edo lurraldeko museoetan erabiltzeko aukera. "Kultura ondasun eta produktuetarako sarbidea erraztea izan da asmoa, horrela, arte eta kultura hedapena dinamizatuz, eta, zehazki, arte eszenikoetako ikuskizunetara eta museoetara joatea sustatuz", gehitu du Millanek.

Deskontuak 6 eta 4 euro artekoak   

33.000 deskontu-bonu izan dira guztira banatu direnak: 16.500 bonu museoetan trukatzeko eta beste 16.500 arte eszenikoetarako. Gazte bakoitzak sei euro arteko deskontua izango du sarrerak erostean, eta 4 euro arte museoetarako sarrerak erostean.