Errepideak eta Interneteko banda zabala

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 30a, 11:16

Baserritarren batzarra.

Atzo, eguena, hainbat baserritarrek, udal ordezkarik eta Debemenekoek batzarra egin zuten landa-eremuko beharrak aztertu eta bertarako inbertsioen gainean berba egiteko. Bileran landu zituzten gai nagusiak izan ziren baserri-bideen egoera kaskarra eta landa-eremura eraman nahi duten Interneteko banda zabala.

Udal gobernuak 2020-2021. urteko udal aurrekontua lantzen dihardu. Testuinguru horretan, atzo, eguena, landa-eremuko bizilagunekin batzarra egin zuten, urtero moduan. Helburua zen aurten landa-eremuan egin diren jardueren berri eman eta dauden beharren berri jaso, datorren urteko inbertsioetan kontuan hartzeko.

Laburbilduz, Ingurumen eta Landa Garapeneko Ramon Gallastegi batzordeburuak esplikatu zuen, iaz, landa-eremurako aurreikusitako inbertsio gehienak ezin izan dituztela gauzatu, COVID-19 pandemiaren eraginez, Udalak berregituratu egin behar izan du-eta udal aurrekontua. Besteak beste, Udalak galdu egin du Foru Funtsa (568.000 euro) aurten eta Diputazioak bertan behera laga du landa-bideak konpontzeko urtero bideratu duen dirulaguntza.

Interneteko banda zabala

Hori horrela, Iker Aldazabal alkateak adierazi zuen 2020-2021 udal aurrekontuari begira “zuhurtziaz” jokatu beharra dagoela. Eta esplikatu zuen aurrekontuan 1.000 euroko partida finkatuko zutela landa-eremurako eta 2021eko martxoan, iazko aurrekontuaren soberakina zenbatekoa den ikusten dutenean joango direla inbertsioak egiten, “lehentasunen” arabera.

Horrekin batera, landa-eremuko bizilagunei jakinarazi zien 2022an, Interneteko banda zabala landa-eremura eramateko egitasmoa abiaraziko duela Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jakinda telekomunikazioko operadoreek ez dutela interes ekonomikorik halako azpiegitura baserrietaraino eramateko, Gipuzkoako Diputazioa egingo da azpiegitura hori bermatzeko inbertsioaren kargu, lurraldeko udalekin elkarlanean. 

Bestela esanda, Diputazioak eta Udalak erdibana ordainduko dute Interneteko banda zabala baserrietaraino eramateko gastua. Gutxi gorabehera, baserri bakoitzeko 2.200 euroko inbertsioa egin beharko da.

Batzarrean jakinarazitakoaren arabera, banda zabal hori nondik nora pasatuko den zehaztuta dago. Eremu zuria izena eman diote esparru horri. Hala, eremu zurian edo bertatik gertu dauden baserriek aukera izango dute banda zabalaren azpiegitura eskatzeko. Soraluzeko kasuan, 51 baserri daude sartuta eremu zurian.

Edozelan ere, alkateak jakinarazi zuen banda zabalarekin lotutako informazioarekin gutuna bidaliko dietela baserritarrei eta aurrerago gai hori lantzeko batzar monografikoa egingo dutela. 

Errepideak egoera kaskarrean

Baserritarrei eta landa-eremuko bizilagunei dagokienez, berriz, gutxi bertaratu ziren, baina udaletxean izan zirenek, batik bat, landa-eremuko errepideen egoera izan zuten hizpide. Haien egoera kaskarra zela azpimarratu zuten. Horrela adierazi zuten, besteak beste, Azaleatxoko bizilagunek eta Eitzagakoek. 

Zentzu horretan, Azaleatxokoek esan zuten behar handiagoa ikusten dutela errepideak konpontzeko baserrietara banda zabala eramateko baino, are gehiago oraingo egoera latza aintzat hartuta eta banda zabalari dagokion inbertsioa diru publikoarekin ordaindu behar dela kontuan hartuta. 

Batzarrean esandakoen artean, besteak beste, Gallastegi zinegotziak jakinarazi zuen azaroaren 26an hasiko direla landa-eremuko bideen eta kanalen garbiketa egiten.