0 KM KOMERTZIOAK

Itxi egin dute Txurruka jatetxea

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 28a, 19:08

Gaur, eguaztena itxi egin dute Txurruka jatetxea. Kanpotik ezin denez jenderik etorri, ixtea erabaki dute. Esplikatu dutenez, hasiera batean 15 egunerako itxiko dute, baina ikusita ezartzen ari diren neurri murriztaile gehienek zuzenean ostalaritzari eragiten dietela, ez dakite aurrerantzean zer gerta daitekeen.

“Gaur arte zabalik izan dugu jatetxea. Baina ya joan zen astean ez zebilen inor. Galerak izan genituen. Asteburu honetarako ere, domekarako guztia genuen beteta, Domu Santu da-eta, baina enkargua egin zutenetako asko kanpotik etorri behar ziren eta banaka-banaka guztiak ari dira bertan behera lagatzen”.

Gaztelupe zabalik

Horregatik eta erabakia hartzea asko kostatu eta saminez hartu arren, ixtea erabaki dute:  “Plazentzian gutxi gara hau zabalik mantentzeko. Txurrukan ditugun langile guztiekin ezin dugu aurrera egin. Gainera, hemen gauza guztiak egin ditugu ondo: mahaiak distantziara jarri, edukiera mugatu… baina berdin da. Ostalaritza jomugan dute… Orain ere, 15 egunerako dela esan dute, baina batek daki”, gaineratu du Laskurainek. 

Hori bai, Gaztelupek zabalik segituko du: “Gaztelupe zabalik mantenduko dugu. Han kaleko jendea ibiltzen da sikiera eta eutsiko diogu”.