Elkarretaratze barik, baina aldarrikapena bizi-bizi

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 27a, 09:43
Plaza Berria hutsik.

Atzo, astelehena, ez zuten pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzerik egin, osasun egoera larria dela-eta. Hala ere, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak eutsi egin dio aldarrikapenari. Pobrezian jomuga ipini eta Plaentxia.eus atarira helarazitako oharrean azpimarratu dute COVID-19aren pandemiaren ondoren, “pobrezia areagotu” egin dela. Hori horrela, ez dute zilegi ikusten Europatik etorriko diren diruak “Iberdrolari, Petronorri, Abiadura Handiko Trenari eta EAEn instalatuta dauden hainbat multinazionali laguntzera bideratzea”. 

Pandemiak pobrezia egoerak okertu egin dituela azpimarratu eta baieztapen hori janzten duten honako datuak helarazi ditu Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak:

  • “Prekarietate larrian dauden familien erdiek ezin diete aurre egin hipotekaren edo etxebizitzaren alokairuaren ordainketei eta ez dute hornidura-gastuak (ura, argindarra, gasa) ordaintzeko adina dirurik”.
  • “COVID-19aren pandemiaren aurretik, Save the Childrenen arabera, Euskadin 142.000 etxetan bizi ziren pobrezia-arrisku handia zuten haurrak eta egoera hori areagotu egin da pandemiarekin.
  • Euskadin 216.000 pentsiok pobreziaren atalasea baino zenbateko txikiagoa dute eta emakumeen pobrezia gizonena baino handiagoa da. Kontuan hartzen baditugu Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) azpitik dauden pentsioak 240.000 pertsonara iritsiko lirateke, hau da, pentsiodunen %44ra. 

"Premia biziko lehentasunak"

Datuok mahai gaineratuta, berretsi egin dute “pobrezia ez dela saihestezina, hautu politikoa dela, aberastasunaren banaketarekin zerikusia duela”. Hori oinarri, uste dute gobernuek, besteak beste, zerga-erreforma sakona” egin behar dutela, “enpresa-onurak, ondare handiak eta errenta altuak behar bezala zergapetuko lituzkeena”. 

Horregatik guztiagatik ez dute zilegi ikusten Europatik etorriko diren funtsak “Iberdrolari, Petronorri, Abiadura Handiko Trenari eta EAEn instalatuta dauden hainbat multinazionali laguntzera bideratzea, hau da, elite ekonomiko eta finantzarioei laguntzera, premia biziko lehentasunak daudenean”. 

Bukatzeko, berretsi dute pentsiodunek defendatzen segituko dutela “bizitza duin bat gozatzeko aukera” eta besteak beste, horregatik aldarrikatzen dutela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Halaber, gogora ekarri dute “2011ko pentsioen erreformarekin jasaten ari garen murrizketari uko egiten” dietela “eta gainera, gomendioetan ez direla jasotzen”.