"Egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz", Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile berriak aplikatuko ditu.
Halaxe jakinarazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iluntzean eman duen prentsaurrekoan.
Ezin da herritik irten
Hartutako neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
Euska Autonomia Erkidegoko bizilagunak ezin izango dira norbere udalerritik irten ez bada beharrezko jarduerak egiteko.
Beharrezko jarduera horien artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: osasun-jarduerak, lanekoak, profesionalak, hezkuntzakoak, adinekoak edo adingabeak zaintzea.
Bestalde, jarduera sozioekonomikoak egiteko, ohiko igarobideko udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduko dela ere jakinarazi dute.
Puntu honetarako jasotako salbuespenak honakoak dira: osasun-arlokoak, lan-arlokoak, profesionalak, hezkuntzakoak, menpekoen, adinekoen edo adingabeen zaintzakoak, besteak beste.
Etxeratze-agindua
Horrekin batera, etxeratze-agindua 23:00etatik 06:00etara artekoa izango da, oro har. Baina etxetik ateratzeko aukera izango da, besteak beste, lanera joateko, botikak erosteko, ospitalera joateko, ikasteko eta zaintzeko zereginetarako (adingabeak, adineko pertsonak edota mendekotasuna dutenak).
Azkenik, gehienez jota sei pertsona bildu ahal izango dira, eta elkarrekin bizi diren pertsonak izango dira salbuespena.
Sagarduik esan du dekretua gaur bertan argitaratuko dutela EAEko Aldizkari Ofizialean. Beraz, bihar 6:00etan sartuko da indarrean. Hamabost eguneko iraupena izango du, egoeraren garapenaren arabera luza daitekeena.