Urria | Efemerideak IV

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 25a, 09:05
Ernizketa baserria.

1598ko izurritearen gaineko hainbat kontakizun, Ipinarrietako urak Plaza Barriko iturrira heldu zirenekoa, Ernizketakoaren testamentua, Maltzagako ermitaren nondik norakoak eta bestelakoak dakartzate urriko laugarren asteko efemerideek.

Urriaren 19

1598 urtean Sebastián de Jauregui zirujauak auzia jarri zien Izagirre baserriko arduraduneei. 
Aurreko asteetan Juan Ibáñez Izaguirre eta Ana bere ahizta artatu zituen eta, sendatzeaz gain, jaten eman zien, beste inork nahi izan ez zuelako. Faktura arduradunei (Martin Ruiz de Aguirre, Izagirreren koinatua, eta Juan de Loyola) pasa zienean (51 bisita bider 15 erreal bisitako, gehi beste 56 erreal hornitutako botikengatik; guztira 871 erreal) ez zioten ordaindu nahi, eta hortik auzia. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 

 
Urriaren 19 

1860 urtean Liman hil zen Antonio Placencia jenerala. 
Espainiako Independentzia gerra aritu ostean, Ameriketara pasa zen bertako independentziazaleen kontra borrokatzeko... eta haiekin bat egin zuen. Espainolek harrapatu zuten, baina fusilatzeko bezperan Ayacuchoko porrota jasan zuten. Aurrerantzean Peruko gudarostean aritu zen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 19 

1911 urtean Juan Jose Larrañagak, Sologoeneko zentralaren jabeak, beste emakida bat lortu zuen, Urruztitik (Osuma eta Oitturri lurretatik) datorren ura ustiatzeko. 

Ur hauek Deba azpitik ekarri zituen zentraleraino, baina ez ziren ubide nagusiko urekin nahasten: turbina propioa zuten, Pelton motakoa. Turbina honetara ekarri zituzten Joangoerreketako urak ere. XX mende bukaeran zentrala berriro martxan jarri zutenean ur guzti hauek ez zuten erabili. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 22 

1831 urtean Ipinarrietako urak Plaza Barriko iturrira heldu ziren. 
Lanak sei hilabete lehenago hasi ziren, Mariano Jose de Lascurain jaunak zuzenduta. 
Ur-bidea 4.797 oin luze da (1.336 metro, gutxi gora behera) eta, iturriaz gain, baditu hiru ur-biltegi, 24 erregistro, euri-uren galeria eta arku gaineko zati bat ere. Kostua 86.936 erreal kuartokoa izan zen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 23 

1598ko izurriak gaixotuta, Katalina Ernizketakoak ez zuen bere azken borondaterako eskribaurik lortu. 
Gaixoekin egoteko beldur handia zenez, eskribaurik gabeko testamentua egin behar izan zuen 1598ko urriak 23an. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 23 

1834 urteko Erret Agindu batek Soraluzeko Erret Lantegia Eibarrera lekualdatzea erabaki zuen. 
1844ko beste agindu batek aurrekoa indargabetu zuen eta erret fabrika Soraluzen berrezartzeko agindu zuen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 24 

1889 urtean Soraluze eta Elgoibarko udalek bi herrien arteko mugarriak zehaztu zuten. 
Abuztuak 30ko Errege-dekretu batek mugarri guztiak aztertzea askatzen zuen. Soraluze aldetik 7 lagunek hartu zuten parte: Andres Ariznabarreta (alkatea), Bruno Maiztegi (zinegotzia), Jose Arrillaga (zinegotzia), Domingo Lascurain (zinegotzia), Agustin Barrenetxea (herri-lanen maisua), Pedro A. Atristain (perito agrimensora) eta M. Luis Aranguren (udal idazkaria). 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 24 

1944 urtean berrinauguratu zuten Maltzagako ermita. 
Ferrocarriles Vascongados enpresak 1927 urtean eraiki zuen, baina gerra sasoian nahiko hondatuta geratu zen. 1974 urteko abuztuan erre zen; nahita, garaiko egunkarien esanetan. 
Ermitan parean erromeriak egiten ziren, inguruko jendetsuenak; Soraluze, Eibar eta Elgoibarretik etortzen zen jendea, kaletik zein baserrietatik. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 25 

1956 urtean Iberduerok Maltzagako zentrala saldu zion Vicente Gabilondo enpresari. 
Honek zentrala bota eta inguru hartan enpresa eraiki zuten. Eraikinaren azpian ubidearen aztarnak ikus daitezke oraindik. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).