Soraluze ere gorri

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 23a, 09:06

Gaur, barikua, sartuko dira indarrean Eusko Jaurlaritzak aplikatuko dituen neurri murriztaile berriak. Horietako hainbat neurri orokorrak izango dira eta Euskal Autonomia Erkidego osoko udalerrietan aplikatuko dira. Beste hainbat, berriz, bereziak dira, Osakidetzak gorriz markatuta dituen udalerrietan aplikatu beharreko gomendioak. Soraluze ez da gorriz azaltzen Osakidetzaren zerrenda horretan, baina ez inguruko udalerriek duten baino egoera hobean dagoelako, baizik eta 5.000 biztanletik beherako udalerria delako. Baina datuen arabera, Soraluzeri ere gorriz markatuta egotea dagokio.

Gaurtik, barikua, honako neurriak sartuko dira indarrean EAEko udalerri guztietan, besteak beste:

  • Jaurlaritzak gomendatzen du ez elkartzea 6 pertsona baino gehiago taldetan, ez esparru publikoan eta ezta pribatuan ere.
  • Aforoak % 50era murriztuko dituzte, jarduera guztietan (terrazetan izan ezik).
  • Tabernek eta jatetxeek 24:00etan itxi beharko dute.
  • Ezin izango da jarduerarik egin txokoetan eta elkarte gastronomikoetan.
  • Ekitaldi handietan, barruan badira, gehienez jota 400 pertsona elkartu ahal izango dira. Kanpoan badira, berriz, 600.
  • Ezin izango da federatu gabeko kirol lehiaketarik egin.
  • Umeen parkeak itxi egingo dira 23:00etan.

Horiez gain, kutsatze-maila altua izanagatik gorriz markatuta dauden udalerrietan neurri zorrotzagoak errespetatzea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak.

Soraluze ez dago gorriz markatuta, baina ez inguruko udalerriak baino egoera hobean dagoelako, baizik eta 5.000 biztanletik beherako udalerria delako. Osakidetzak udalerri horiek semaforoen markatik kanpo laga ditu.

Datuek diote, ordea, Soraluzeri ere gorriz markatuta egotea dagokiola. Atzokoen arabera, herriko kutsatze-mailak goia jo du eta 990,60an dago. Konparazioa egitearren, Eibar gorriz markatuta dago eta bertako kutsatze-maila %568,89koa da.

Gipuzkoan, honako herriak markatu dituzte gorriz: Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga.

Udalerri horietan, honako neurri gehigarriak zaintzea gomendatu du Jaurlaritzak:

  • Gomendio orokorrak:
     • Herrietatik ez sartu eta haietatik ez irten. Salbuespenak: osasun-zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea, lanera edo laneko kontuetara, ikasketetara, ohiko bizilekura itzultzea, mendekoak diren pertsonei eta hiriei laguntzeko edo ezinbesteko kausagatik egiten diren joan-etorriak.
     • Gizarte-topaketak elkarbizitzako talde egonkorrera mugatuko dira.
     • Bertan behera utzi edo atzeratu beharko da ezinbestekoa ez den edozein familia- edo gizarte-jarduera
     • Ahal den neurrian, barnealdeko espazioetako gizarte-topaketak bizikidetzako talde egonkorrera murriztu beharko dira.
  • Neurri orokorrak
     • Bertan behera utziko da taldeko edozein kirol-jarduera, bai instalazio itxietan, baita irekietan ere.
     • Kirola bakarka baino ezingo da egin.
     • Haur-parkeen, parke publikoen eta terrazen erabilera debekatzen da 21:00etatik 08:00etara, pertsonak igarotzeko izan ezik.
     • Debekatuta dago 21:00ak eta 08:00ak bitartean alkohola saltzea merkataritza-establezimenduetan.
     • Merkataritza-establezimenduek, elikadura-establezimenduek, farmaziek eta gasolindegiak izan ezik, 21: 00etan itxi beharko dute.
    Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuak
     • Debekatuta dago barran kontsumitzea. Eserita eta mahaian kontsumituko da.
     • Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuentzat 21: 00etan ixteko muga ezartzen da. Ordu horretatik aurrera, lokala itxita egon beharko da, jenderik gabe, eta ezingo da berriz ireki 06: 00ak baino lehen.
     • Debekatuta dago zutik egin beharreko edozein jatetxe-jarduera, adibidez, koktelak edo antzekoak.