Eguerdian, LABI aholkularitza kontseiluak batzarra egin du, COVID-19 pandemiaren bilakaera aztertu eta egoeraren arabera, neurri murriztaile berriak zehazteko.
Ondoren, prentsaurrekoa egin du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Hark adierazi du 4. eszenatokian gaudela; bestela esanda, birusaren transmisioa altua dela eta goranzko joera atzematen zaiola.
Hori horrela, birusaren hedatzea mugatzeko helburuarekin, neurri murriztaile berriak ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak. Honako hauek, besteak beste:
- Ezin izango da 6 pertsona baino gehiagoko taldetan elkartu, ez esparru publikoan eta ezta pribatuan ere.
- Aforoak % 50era murriztuko dituzte, jarduera guztietan (terrazetan izan ezik).
- Tabernek eta jatetxeek 24:00etan itxi beharko dute.
- Ezin izango da jarduerarik egin txokoetan eta elkarte gastronomikoetan.
- Ekitaldi handietan, barruan badira, gehienez jota 400 pertsona elkartu ahal izango dira. Kanpoan badira, berriz, 600.
- Ezin izango da federatu gabeko kirol lehiaketarik egin.
- Umeen parkeak itxi egingo dira 23:00etan.
Neurriok iragartzeaz batera, Sagarduik, besteak beste, protokoloan hainbat eguneraketa iragarri ditu, adibidez: proba antigenikoak (azkarrak) egiten hasiko direla eta berrogeialdia 10 egunekoa izango dela.
Neurri horiek guztiak indarrean sartuko dira Buletinean argitaratu eta berehala.