Hainbat zuhaitz ere bota ditu haizeteak

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 21a, 11:37

Karpari eragindako apurketez gainera, mendi-auzoetan hainbat zuhaitz bota ditu haizeteak; hori bai, karparen egoera ikusi ondoren, espero zirenak baino kalte txikiagoak eragin ditu mendi aldean. Landa eremuko errepide guztiak, adibidez, libre daude.

Irure zein Txurruka auzoetan, bietan bota dituzte zuhaitzak bart gaueko haize ufadek. Bi kasuetan, auzoetako bizilagunak ibili dira zuhaitzak mozten. Soraluzeko Udaleko langileak egoera ikuskatzera joan direnean, mendi-bide guztiak garbi zeuden. 

Alkateak esandakoaren arabera, Txurrukarako errepidean auzotarrek erretiratuta laga duten zuhaitza zatitu egin dute udal langileek, trabarik egin ez dezan. Horrez gainera, errepide bazterrean dagoen intxaurrondo baten egoeraren berri eman dio Udalak Aldundiari; Iker Aldazabalek esplikatu duenez, errepide zati hori Aldundiarena da eta zuhaitza jausteko arriskuan ikusi dute.

Irure auzoan, berriz, jausita zegoen zuhaitza bertako bizilagunek moztu dute. Udalak Debemeni abisua pasatu dio, traktorearekin sustraiak kentzera etor daitezen. 

Bestelako kalteen artean, SAPAko hainbat kristal apurtu egin ditu haizeak, Elizburuko eskaileretan ur-tutu zati bat azaldu da lurrean puskatuta eta Plaza Zaharrean, hainbat toldo apurtu edo bota egin ditu. 

Beraz, badirudi Plaza Zaharreko karpak jasan dituela kalterik handienak. 

ARGAZKIAK: Soraluzeko Udala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.