Espainiako Vuelta Soraluzetik pasatu zen

Egoitz Unamuno 2020ko urr. 21a, 09:25

Atzo arratsaldean, Soraluzetik igaro zen Vuelta. Hainbat zaletuk txirrindulariak animatu zituzten bide bazterretik Bergarara bidean pasatu zirenean.  

Andoni Urbistondo kirol kazetariak Vueltako lehen etaparen kronika idatzi du Aiurri.eus komunikabidean blogean: Arratek espero baino triskantza handiagoa egin du.

Arratek espero baino triskantza handiagoa egin du

Primoz Roglic nagusitu da Eibarren, Carapaz-en aurretik, eta zulo handi samarrak ireki dira sailkapen nagusian, lehen eguna izateko

Udazkenak erabat itxuraldatuko du Vuelta. Arrate mendate tentea da, baina egoera normal batean ez luke halako triskantzarik egingo sailkapen nagusiko oilarren artean. Izan ere, sei kilometroko aldapa baino ez da, baina galbahea oso handia izan da. Noski, 18 egun luze geratzen dira Vuelta bukatzeko, baina sei lagun bakarrik iritsi dira onenen multzoan, eta noble asko ezinean ibili dira Deba Barrena eta Debagoienako eremuetan. Jumbo-Vismak eraman du sari potoloa, Primoz Roglicen etapa garaipenarekin, baina esloveniarrak Sepp Kuss estatubatuarrari zor dio garaipen erdia. Izan ere, ikaragarri dabil maldan gora Durango Kid goitizena daukan mutikoak, eta beste oilarrek nahikoa izan dute Kuss-en erritmo aldaketei eusten, Roglic butakan eserita joan den bitartean. Roglicek jo behar zuen unean jo du, mendatea pasa eta pedalak astindu behar diren ordekan. Eta agur. Carapaz eta Dan Martin izan dira gainsariak irabazi dituzten beste biak, eta hirukote horren denbora berean helmugaratu dira Chaves, Grosschartner, Mas eta Carthy.

Hortik behera, zuloa, eta handia. Valverdek, Dumoulinek, Gorka Izagirrek eta Nievek 51 segundo galdu dituzte, Guillaume Martinek 1.09, David Gauduk 2.22, Daniel Felipe Martinez eta Vlasov-ek 4.30, Pinotek 09.56 eta Froome-ek 11.12!!! Diferentzia ikaragarriak, itzuli handi bateko lehen egun bateko handienak, historikoki.

Bihar bigarren etapa korrituko da, hau ere Euskal Herrian, Nafarroan oso-osorik: Iruñea-Lekunberri, 151 kilometro. Ordubiak laurden gutxi pasa abiatuko da tropela Nafarroako hiriburutik, Etxauri aldera. Han Girgillano mendate igoko dute, hirugarren mailakoa. Ondoren Deierri bailara zeharkatuko dute, Lizarran berriro iparrerantz hartu eta Zudairen barrena Urbasa igotzeko. Jaitsieran Altsasutik Sakanan sartuko dira eta Huarten Aralarko San Migel Santutegira doan igoera hasi, zikloturisten munduan Mortirolo Txiki izenarekin ezagutzen den zementozko aldapatzarra: 12 km. eta %8,8ko batez besteko pendiza. Goitik dena maldan behera, Lekunberriraino. Itxuraz, zorua lehor. Eskerrak!!!