Pobrezia saihestea "hautu politikoa"

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 19a, 19:09
Herritarrak gaur, pentsioen aldeko elkarretaratzean.

Pasa berri den Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean gogora ekarri dute Espainiako Estatua dela Europan desberdintasun gehien dituen laugarren estatua, pobrezia saihestea “hautu politikoa” dela eta besteak beste, salatu dute pandemiak eman duela “egoitzetako egoera dramatikoaren berri”.

Urriaren 17an izan zen Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Hori gogora ekarri dute pentsioen aldeko gaurko protestan, azpimarratuz, besteak beste, pobrezia ez dela “saihestezina”; adierazi dute “hautu politikoa” dela eta “konpondu” egin daitekeela. “Aberastasunaren banaketa ekitatiboa egitea da helburua, lehentasunak pertsonen bizitza duin baterako eskubidean jarrita”. 

1.080 eurokoa beharrezkoa

40 lagun inguruk babestu du protesta eta berretsi egin dute hemen ezinbestekoa dela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, Europako Gutun Sozialaren irizpideen arabera, “herrialde orok gutxieneko pentsio bat izan behar” baitu, “pobreziaren mugaren azpitik egotea saihesteko”.

Ildo beretik, baztertu egin dituzte Toledoko Itunaren Batzordean gutxieneko pentsioak handitzeko “indize berriak bilatzeari buruz iragartzen diren proposamenak”.  

Horrekin batera, azpimarratu dute COVID-19 pandemiaren testuinguruan, “egoiliarrei osasun publikorako eskubidea bermatzea” lortzeko helburuarekin mobilizazioak egin dituztela eta “egindako salaketa, eskaera eta mobilizazioen ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zuzendaritza soziosanitario bat sortzea erabaki” duela. Hori horrela, berretsi dute “salaketa eta aldarrikapen-lana funtsezkoak” direla “hobekuntzak” lortzeko. 

Hala ere, adierazi dute pandemiaren lehen olatuan egoitzetako bizilagunak “sarraskituak” izan zirela eta salatu dute egoera bera “errepikatzen ari dela bigarren bolada honetan, kutsadurak nabarmen areagotuz, baita hildakoak ere, EAEn 124 baino gehiago, horien artean Gipuzkoan 33.