Koronabirusa

Asko jota, 6 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira

Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 15:33

Gotzone Sagardui sailburua eguerdiko prentsaurrekoan. Argazkia: Euskadi.eus.

Neurri murriztaile berriak iragarri ditu Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Besteak beste, pertsona-taldeak, asko jota, 6 lagunekoak izan daitezke; edozein jardueratan, edukiera-muga %50ekoa izango da; ostalaritza zerbitzuak 24:00etarako itxi egin beharko dira; elkarte gastronomikoetan ezin da jarduerarik egin; ezin izango da egin federatu bako kirol lehiaketarik eta gauez, parkeak itxita izango dira.

Eguerdian, LABI aholkularitza kontseiluak batzarra egin du, COVID-19 pandemiaren bilakaera aztertu eta egoeraren arabera, neurri murriztaile berriak zehazteko. 

Ondoren, prentsaurrekoa egin du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Hark adierazi du 4. eszenatokian gaudela; bestela esanda, birusaren transmisioa altua dela eta goranzko joera atzematen zaiola.

Hori horrela, birusaren hedatzea mugatzeko helburuarekin,  neurri murriztaile berriak ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak. Honako hauek, besteak beste:

  • Ezin izango da 6 pertsona baino gehiagoko taldetan elkartu, ez esparru publikoan eta ezta pribatuan ere.
  • Aforoak % 50era murriztuko dituzte, jarduera guztietan (terrazetan izan ezik).
  • Tabernek eta jatetxeek 24:00etan itxi beharko dute.
  • Ezin izango da jarduerarik egin txokoetan eta elkarte gastronomikoetan.
  • Ekitaldi handietan, barruan badira, gehienez jota 400 pertsona elkartu ahal izango dira. Kanpoan badira, berriz, 600.
  • Ezin izango da federatu gabeko kirol lehiaketarik egin.
  • Umeen parkeak itxi egingo dira 23:00etan.

Neurriok iragartzeaz batera, Sagarduik, besteak beste, protokoloan hainbat eguneraketa iragarri ditu, adibidez: proba antigenikoak (azkarrak) egiten hasiko direla eta berrogeialdia 10 egunekoa izango dela.

Neurri horiek guztiak indarrean sartuko dira Buletinean argitaratu eta berehala.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.