Koronabirusa

Joan den astetik, bikoiztu egin da positibo kopurua

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 16a, 11:39

COVID-19 koronabirusaren azken kutsatze-datuak oinarri, kontuz ibiltzeko abisua helarazi dute anbulatoriotik: “Gaur, zazpi positibo berri azaldu dira eta beste hiru falta dira konfirmatzeko. Bat pneumoniarekin ospitalera bidali dugu. Egoera gogortzen ari da. Besteak beste, positiboek ez dute ematen kontaktu guztien izenik, kalera irteten dira…”

Anbulatorioan konfirmatutako zazpi positiboak gehituta eta Osakidetzak atzo argitaratuta datuen arabera, urriaren 9tik Soraluzen 13 herritarrek positibo eman dute PCR probetan. Joan den asteko datuekin alderatuta, bikoiztu egin da herriko positibo kopurua. 

Anbulatorioko medikuen esanetan, okerrena da jendeak ez duela protokoloa errespetatzen: “Joan den barikuan positibo bat azaldu zenetik, progresiboki ari dira kutsatuak azaltzen. Izan ere, positibo diren guztiek ez dituzte ematen kontaktua izan duten guztien izenak, haiek kalera irteten dira eta egunetik egunera positibo gehiago azaltzen dira".

ZIUn inor ez

Gaixoen egoerari dagokionez, bat ospitaleratu egin dute pneumoniarekin. Gainerakoak etxean dira. Bestalde, zentzu horretan, albiste positiboa ere bada, izan ere, azken egunotan ZIUn ospitaleratuta zeuden bi herritarretako bati senda-agiria (alta) eman diote eta beste bat plantara pasatu dute.

Osakidetzak laster argitaratuko ditu azken datuak, atzokoak eta bertan ikusiko da zein den eskualdeko erretratua.