Quality Innovation Award saria irabazi du Soraluce Kooperatibak, chatterra (mekanizazio-prozesuan sortzen den bibrazioa) kentzera bideratutako moteltze aktiboko gailu aurreratuarengatik. Sariketako epaimahaiak aitortu egin du makina-erreminta fabrikatzaileak eskaintzen duen soluzioen bikaintasuna eta Quality Innovation Award sarien nazioarteko faserako finalista modura sailkatu da Osintxuko kooperatiba. Otsailaren 4an banatuko dira sariak, Belgraden.
"Ospea sendotu"
Soraluce Kooperatibak aurkeztutako DWS sistemak bost parametrotan eskuratu du epaimahaiaren balorazio positiboa: berritasunean, erabilgarritasunean, ikaskuntzan, bezeroarenganako orientazioan eta eraginkortasunean.
"Sari honek bikaintasunaren eta garapen teknologikoaren alde egin dugun apustua aitortzen du, eta Soraluceren ospea sendotzen du, fresaketaren teknologian liderra den enpresa baita, bezeroen beharrei erantzuteko eta industria-fabrikazioaren sektorearen erronken arabera berritzeko gai baita", adierazi du Rafael Idigoras Soraluceko zuzendari-gerenteak.
Sari honen bidez Danobatgroupek berrikuntzaren alde egindako apustuari errekonozimendua ematen zaio, Bergarako konpainia industria-talde horretakoa baita.
Quality Innovation of the Year sariak 2007an sortu zituen Excellence Finland erakundeak Finlandian, produktu, prozesu eta antolaketa-ereduen esparruan irtenbide berritzaileak sortzeko eta garatzeko.
2007an ere bai, DAS sistemarekin
Harrezkero, kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza sustatzeko munduko beste leku batzuetako erakundeak gehitu dira sarien batzorde antolatzailera: Estonia, Hungaria, Israel, Kazakhstan, Lituania, Letonia, Txekiar Errepublika, Suedia, Espainia, Txina edo Errusiakoak. Horrela, sari horiek mundu mailako lehiaketa bilakatu dira.
Euskalit bikaintasunerako euskal fundazioa da Euskadiko sarien arduraduna, eta Unibasq eta Innobasque erakundeekin ari da lankidetzan.
Soraluce Kooperatibak 2007an ere eskuratu zuen sari hori berori, kasu horretan, DAS izeneko sistemarengatik (Dynamics Active Stabiliser). Kasu horretan, DAS sistemak mekanizazio-prozesuan chatter agertzeko arriskua murrizten du eta makinen ebaketa-gaitasuna % 300eraino hobetzen du.