Domekan hasiko dira Dolmenen Ibilbideko bisita bereziak

Erredakzioa 2020ko urr. 14a, 15:21

Domekan hasi eta datozen hiru asteburutan, umeei eta familiei zuzendutako bisita gidatu bereziak egingo dituzte Dolmenen Ibilbidera. Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatu dituzte bisitok. Ekimen beraren baitan, Eibarko Armagintza Museoan eta Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoan ere izango dira ekitaldi bereziak, bi kasuetan, zapatuan.

Kontaiguzu ondarea lelopean, Debegesak Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko udalekin elkarlanean, Historiaurrea, paisaia eta ondare industriala lantzen dituzten ekintzak antolatu ditu Debabarrenean, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan.

Ekintzen artean, Dolmenen Ibilbidera bisita bereziak izango dira urriaren 18an, 24an eta azaroaren 2an, umeei eta familiei zuzendutakoak. Karakatetik abiatuko dira 09:00etan eta 13:00etarako bueltatuko dira.

Bidean, ekintzak

Ibilbidean,  hainbat ekintza egingo dira, Historiaurrea, monumentu megalitikoak, inguruko paisaia eta landaretza lantzen dituztenak. 

Bisita horiek doan dira, baina partaide kopurua mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharra dago, 690 720 264 zenbakira deituz (08:00-15:00) edo karakate@galemys.com helbidera idatziz.

Damaskinatua eta grabatua

Bestalde, ekimen beraren baitan, aukera dago, baita ere, Eibarko Armagintza Museoa eta Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoa bisitatzeko.

Armagintza museoaren kasuan, Eibar, lana artea den tokia izena duen bisita gidatu berezia antolatu dute, zapaturako.

Hiri armaginean tradizio handia duten eta Eibarko Dibujo Akademiako adierazgarri diren damaskinatuaren eta grabatuaren gaineko azalpenak emango dituzte, Amaieran marrazketa apaingarriaren inguruko tailerra egingo da. Ekimena 11:00tatik 13:00ak arte izango da, doan, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea, 943 70 84 46 telefonora deituz edo museoa@eibar.eus helbidera idatziz.

Antzinako ogibideak

Azkenik, Elgoibarko Makina-Erreminta Museoari dagokionez Antzinako ogibideak.Errementaria eta abarkagilea izeneko erakusketa berezia ikusteko aukera izango da. Besteak beste, ogibideotan zuzenean lanean ikusteko aukera izango da, burnizko kurrikak eta abarkak egingo baitituzte. Erakustaldiaren ondoren larrua lantzeko tailerra ere eskainiko da.

Erakusketa berezia 11:30ean hasiko da, eta doakoa da. Baina, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da, leku-kopuru mugatua dagoelako. Izena emateko, 943 74 84 56 telefonora deitu edo museoa@museoa.eus helbidera idatzi beharra dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.