Fernan Oregi: “Guztiak akrilikoak dira, baina teknika desberdinekin landuta daude”

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 14a, 09:55

Argazkilari moduan ezaguna izan arren, margolaria ere bada Fernan Oregi, umetatik, gainera, Jesus Txurrukaren gidaritzapean margotzen ikasitakoa. Ikastolan ere praktikatzen zuen pintura eta 12 urte ingururekin Felix Rodriguez de la Fuente izena zuen lehiaketa irabazi zuen Oregik, Espainia mailan, “elefante bat margotu nuen, sabanan” dio. Orain, azken bi urteotako lanak ikusgai jarri ditu erakusketa aretoan, guztiak akrilikoarekin landuta, 31 bat lan. 

- Halako abiapuntua izan arren, laga egin zenion marrazteari, ala?
- Bai. Gainera, akrilikoarekin ez nuen sekula egin ezer. Orain hasi naiz eta trasteatzen nabil.
- Hau zer da, esperimentazio moduko bat berriro ere margotzen hasteko, ala?
- Horrekin hasi nintzen, probatu egin nuen, gustatu egin zitzaidan eta hasi naiz testurekin-eta jolasten, bestelako ideiak ere baditut buruan…
- Hau guztiau noiz egin duzu?
- Azken urte eta erdian, bi urtean.
- Koloreekin jolasten duzu bakarrik?
- Ez, teknika desberdinak daude. Koloreekin jolasten dut, zelulak ateratzea gustatzen zait, beste batzuk daude haize-lehorgailuarekin haizea botata eginda… 
- Zein helbururekin ipini dituzu ikusgai?
- Etxean nituen eta esan zidaten: erakusketa egiteko moduan zaude! Eta ipini egin dut.
- Saltzeko asmorik ez?
- Bai, norbaitek erostea nahi badu, etor dadila lasai. 
- Aurrera begira…
- Testurekin gehiago jolastea nahi dut, area sartu, beste produktu batzuk…Argazkilaritza eta pintura nahastea ere nahi dut… Baina hori zaila da eta oraindik ez dut lortu, testura desberdinak dira… Jokoa ematen du, baina oraindik esperimentatu egin behar dut. 
- Zure lan hauek ez dute izenbururik…
- Ez, abstraktuak dira, bakoitzak nahi duena ipini diezaiola. Batzuk diote ematen dutela galaxia dela, beste batzuek itsasoa, sua… denetik.