"Hemen, egun bakoitza opari bat da"

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 13a, 20:59
Ramon Perez eta Mari Carmen Perez Eizagirre-Etxetxon.

Mari Carmen Perez (Eibar, 1953), Eizagirre-Etxetxon bizi da 2015etik. Erretiratu ondoren joan zen mendira bizitzera. Hasieran bakarrik. Ekainetik, ama hil zitzaionetik, Ramon Perez aitarekin. Eziagirre-Etxetxon ametsa bete du: mendian bizitzea. "Beti sentitu naiz ondo naturan". Seme-alabak txikiak zirela, Mutrikuko kanpinean karabana ipini eta han pasatzen zituzten asteburuak. Orain, ja nagusitan, bide bera segitu nahi izan du, baina betiko.

Zergatik duzu horren gustuko mendia? 
Libre sentitzen naiz, nire habitatean nagoela sentitzen dut, ondo egiten dit eta beti nahi izan dudana da. Seme-alabak ikasten eta neu lanean nenbilela, zaila zen, baina erretiratu nintzenean, argi izan nuen. Hala ere, ezta nire ametsik onenean ere ez nuen imajinatu hemen bizitzea. Eizagirre-Etxetxok gainditu egin du espero nuena. Naturan etxetxo bat izateko ametsari ez nion sekula ere laga, baina denbora batez Burgosen, Orduñako mendatetik 10 kilometrotara txabolatxo bat besterik ezin izan nuen lortu.
Burgosen zelan? 
Oso ondo. Asteburutan bakarrik joaten nintzen, baina benetan gustuko nuen. Lanean nenbilen eta gogoan dut zelan egoten nintzen barikuak noiz iritsiko, nahiz eta hara joateko bidea zaila izan: mendatean beti behe-lainoa, elurteak… Gainera, ez dut batere gustuko gidatzea. Azkenean honako hau irten zitzaidan. Bi familiaren arteko proiektua izan behar zena bakarrean geratu zen. Baserri zaharra zaharberritzea oso garestia zen; azkenean, proiektua aldatu eta etxetxo txiki baina argitsu hau da emaitza, justu nahi nuena. Egia esan, ez zen erraza izan, zalantzak ere izan nituen, baina hementxe dago. Bestalde, ez naiz baserritik bizi; horretarako nire sasoia joan da, bestelako gauza batzuetan inbertitzen dut denbora. Hala ere, aitak gustuko du lurra, beraz, ortutxo bat egiteko proiektua dugu.
Erretiratu ondoren etorri zara; eibartarra. Igartzen duzu faltan kalea? 
Ezta gutxiago ere. Kalean bizi nintzenean, mendira etortzea besterik ez nuen nahi eta sarri etortzen nintzen. Orain hemen nago. Honek ez du preziorik. Egun bakoitza opari bat da. Ez dut kalea faltan igartzen, baina behar edo nahi dudanean nire autotxoan jaisten naiz, orain aitarekin ere jaisten naiz, nahiz eta gutxiagotan jaitsi. Gainera, sekula ez zaizkit bisitak falta. 
Ez du ezer txarrik? 
Lan handia du. Baina hori ere neurtu egin daiteke. Ez naiz obsesionatuko, beraz, gogoen eta beharren arabera ezartzen ditut lehentasunak. Bizimodu aldaketa ederra izan da, baina aldi berean, egokitzapen handia behar da. Bestalde, autoa denerako behar da, baina ez zait inporta. Igotzeari eta jaisteari esker ez zait gidatzea ahaztuko! Badakit nire adinarekin mendian bizitzeko erabakia jende askok ez duela ulertzen. Bestalde, gazte asko dago, ume txikiak dituztenak, naturan bizi nahiko lukete, baina zailtasun larregi dituzte. Ondo legoke euren ametsak betetzeko laguntzaren bat izango balute, nagusiegiak izan aurretik.