"Komunitatean bizi nahi genuen"

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 13a, 19:56
Oier Txanbua, Edurne Unamuno, Olaia Blanco eta 'Brida' txakurra.

Euren ametsa bizi nahi dute. Bizitokia mendian izateak aukera hobea eskaintzen die horretarako. Orain dela 12 urte, Azaliatxo proiektua abiarazi zuten Edurne Unamunok (Soraluze, 1978), Oier Zubizarretak (Soraluze, 1976), Olaia Blancok (Eibar, 1981) eta Irati Trebiñok (Soraluze, 1978). Urteotan pertsona berriak gehitzen joan dira taldera; umeak jaio dira: Urko Trebiño (Soraluze, 2010) eta Aran Trebiño (Soraluze, 2014) eta Gorka Arrizabalaga (Azpeitia,1980) gehitu da proiektura. Orain, Edurne, Olaia, Oier eta David Peñalba (Soraluze, 1982) bizi dira Azaliatxon. 

Zer da Azaliatxo proiektua? 
Elkarbizitza proiektua. Bikotekidearekin, familia nuklearrean edo bakarka baino, lagun artean bizi nahi genuen, komunitatean, naturarekin bat eta ahalik eta modurik autogestionatuenean.Ekonomia konpartitua dugu. Eta dena modu horizontalean erabakitzen ahalegintzen gara.
Etxea zuek eraiki duzue… 
Bai, lagun askoren laguntzarekin, auzolan barik ez genuke eraikiko. 10 urte eman dugu eraikitzen. Lastozkoa da.
12 urte hemen. Kaletarrak guztiak. Ez duzue faltan igartzen kalean bizitzea? 
Kalean bizitzea ez, baina kaletarrak gara eta han bizitza egiten segitzen dugu. Ez gaude bakarrik mendian. Taldea gara eta inguruan jendea dago, hori ere garrantzitsua da. Ni (Oier) kalean sarri egoten naiz. Mendiak beste arnasgune bat ematen digu, baina kalea gertu dugu. Mendian bizitzeak lasaitasun handia ere ematen du (Edurne), eta lurrarekin kontaktu zuzena izateko aukera, animaliak ikustekoa… Eta abantaila handiak konfinamenduan.
Zerbait txarra izango du… 
Bidea, eskasa da eta oso egoera kaskarrean dago. Autoarekiko mendekotasun handia ere eragiten du. Konturatu gara gasolina asko gastatzen dugula.
Apur bat gogorra ere izan daiteke hemen bizitzea, bakardadea, iluntasuna… 
Iluntasunera ohitu beharra dago. Niri (Edurne) iluntasunak ez dit beldurrik ematen, baina egia da txakurra izateak segurtasuna ematen dizula. Hala ere, urteekin, mendiko zaratak-eta ezagutzen zoaz.
Eta lan aldetik? 
Beti dago zer egina. Orain arte, eraikuntzara begira egon gara, baina hori bukatu dugunean, ingurua lantzen hasi gara: lurra, fruta-arbolak… Lanak banatzen ditugu, bakoitzak bere zereginak eta ardurak ditu. Noizean behin, talde osoa elkartu eta lan handienak elkarrekin egiten ditugu. 
Zelan egiten duzue zuen bizimoduak ondo funtzionatzeko? 
Batzarrak egiten ditugu. Astean behin batzarra egiten dugu lanak banatzeko eta hilean behin beste bat. Bigarren horretan denon eta norbere intereseko gaiak lantzen ditugu: ekonomia, harremanak, emozioak, gatazken kudeaketa… Bestalde, proiektu komuna dugu, helburu bera, eta horrek laguntzen digu elkarrekin egoten. Kanpoko laguntza ere izan dugu, bide-laguntzaile batena. Harremanak zaintzea da zailena eta hori landu beharra dago.