"Ahuntzek duten guztia ematen dute"

Nagore, Onar, Izei eta Aiora.

Nagore Martin (Eibar, 1978), Egotza baserrian bizi da 2005az geroztik. Lau bizilagun dira han: Nagore, Onar, Aiora eta Izei. 2002an hasi ziren baserri bila. Onarrek nahi zuen, batik bat, Elgoibarren, osabaren baserrian behiekin hazitakoa baitzen. Baina Nagorek ere oso gustuko ditu animaliak eta natura. Kalean bizitzen hasi ziren, baina beti mendira begira. Mendira joan ziren arte.

Baserritik bizitzera edo mendira bizitzera etorri zineten?
Hasieran mendira. Kalean egiten nuen lan. Lursail hau nahiko konplikatua da. Baina ama izatea erabaki nuenean, erabaki nuen seme-alabak nik hazi nahi nituela eta lanbideren bat behar nuela horretarako.
Ahuntzak dituzu; zergatik ahuntzak? 
Azkarrak dira, eurekin enpatizatzen da, benetan gustuko dudan animalia da. Ahuntzek duten guztia ematen dizute.
Noiz hasi zinen?
Orain dela 10 urte eta erdi. Umea motxilan nuela Arantzazuko Artzain Eskolara joan nintzen ahuntzak nahi nituela esanez. Hemen esaten zidaten gure lursaila oso zaila zela ezertarako, baina Artzain Eskolan esan zidaten nahi nuena horren argi banuen, aurrera egiteko. Gutxitan ikusten dela zer nahi zuen horren argi duen pertsona bat.
Ahuntz-talde ederra duzu? 
Orain 85 ahuntz ditut, baina batzuk kendu egin behar ditut, 70-75 bat izango ditut, nik 100 ahuntz nahiko nituzke. Espazio eta azpiegitura egokiak ditut horretarako, horregatik egin dut orain lastategia. Gainera, nire lursaila oso egokia da ahuntzentzat, oso aldapatsua da eta (barre). 
Badute izenik? 
Bai, Egotzan bizi diren animalia guztiek dute izena. 
Zure bizimodutik zer duzu gustukoen?
Gustuko dut nire lana, familiaren zaintzarekin uztartu dezakedalako. Baina nabarmenduko nuke benetan gustuko dudala produktu erabat artisaua lantzea, goxotasun guztiarekin zaintzen ditudan nire ahuntzen esnearekin egindakoa, inolako gehigarri barik. Bizi garen sasoian nahiko gaitza da produktu naturalak aurkitzea.     
Eta lan aldetik, zelan? 
Noski, beti nago lanean, baina egiten dudana gustuko dut. Gustatuko litzaidake noizbehinka asteburu-pasa joan ahal izatea, hori bai, baina hori ere iritsiko da. Hala ere, ondo antolatuta, udan, behin baino gehiagotan, kostaldera joateko bizpahiru egun hartzen ditugu.
Gazta egiten duzu eta haren kanpaina bukatzean, ahuntzen erditzeekin hasten zara; hemen ez dago atsedenik? 
Ez, lan handia egiten da. Egunero 06:00etan hasita, erditzeak daudenean, 04:00etan. Baina egun guztiak ez dira berdinak. Lasaiagoak ere badaude. Lasaiagoetan aprobetxatzen dut seme-alabekin norabait joateko, etxea garbitzeko… Umeak hemen, oraingoz behintzat, pozik bizi dira. Aske sentitzen dira. Pentsa, alabak 8 urterekin esan zidan Olentzerori eskatu behar ziola niri erditzeetan laguntzeko buzoa.