Gaur hasiko dira gripearen kontrako txertoak ematen, arratsaldez

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 13a, 10:20
Gaurtik emango dituzte txertoak, anbulatorioan, arratsaldez.

Gaur, 15:00etatik aurrera hasiko dira gripearen kontrako txertoa ematen, anbulatorioan. Datozen bi asteotan, arrisku-taldeetako herritarrek izango dute txertoa hartzeko lehentasuna -nahi dutenek-. Ondoren, txerto-soberakinik balego, nahi duten gainerako herritar guztiek har dezakete txertoa, urriaren 30etik aurrera. Txertoa hartzeko aldez aurretik txanda hartu beharra dago.

Gaur, ezohiko txertatze-kanpaina abiarazi du Osakidetzak. COVID-19 koronabirusak eragindako pandemia egoeran gauden honetan, beste kanpaina batzuetan baino txerto gehiago bidali dituzte tokian tokiko osasun-etxeetara.

Soraluzen, anbulatorioaren goizeko jarduna bukatu ondoren hasiko dira txertoak ematen, 15:00etatik aurrera. Arrisku-taldeetako herritar gehienei Osakidetzak berak emango die txanda; beste hainbati  -Sintroma hartzera, kurak egitera… anbulatoriora doazenei- berriz, erizainak berak emango die txertoa. 

Farmazietan ez da egongo

Osterantzean, txanda hartzeko anbulatoriora deitu beharra dago -943 75 23 00- eta urriaren 30era arte, arrisku-taldeetako herritarrek izango dute txertoa hartzeko lehentasuna. Urriaren 30etik aurrera, berriz, txerto-soberakinik balego, nahi duten herritar guztiek izango dute txertoa eskatzeko aukera. Anbulatoriotik esan dutenez, “urtero sobratzen dira txertoak, arrazoi batengatik edo beste batengatik, askok ez dutelako nahi zaten hura hartzerik”. 

Hori bai, beste urte batzuetan farmazian ere erosi ahal izan dira txertoak, gero anbulatoriora joan eta bertan ipintzeko. Aurten, farmazietan ez da txertorik izango, guztiak osasun zentroetara bideratu baitituzte.