Kaletik baserrira

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 13a, 18:00
Igor Aldazabal eta Laida Tellitu txakurrarekin, Eitzaga baserrian.

Industrializazioaren loraldian, baserritar askok kalerako bidea hartu zuten, bertako zerbitzuak, azpiegiturak eta abantailak lehenetsita. Orain dela 15-20 urte inguru, berriz, askoren ezusterako hainbat kaletar (gazteak, gehienak) baserrirako bidea hartzen hasi ziren, baserriak mendian bizitzeko ematen zien aukerarengatik. Orduan joan zirenek mendian segitzen dute, beraz, asmatu zuten, antza, hartutako erabakiarekin. Are gehiago, tantaka-tantaka, mendira joateko joera hori mantentzen ari da, eta herriko baserriek betetzen jarraitzen dute. Datozen elkarrizketetan, arrazoi batengatik edo bestearengatik mendiko bizimodua aukeratu zuten hainbat lagunek euren esperientzia partekatu dute. 

Laida Tellitu Tejero (Gasteiz, 1985) Eizaga baserrian bizi da 2016tik, Igor Aldazabalekin. Orain dela bost hilabete Izaro alaba izan dute. “Hiru pertsona, txakurra eta hiru asto” bizi dira Sagar Erreka auzoko baserri horretan. Bertan bizi bai, baina ez dira baserritik bizi; irakaslea da Laida eta ingeniaria Igor.

Zelan erabaki zenuten baserrian bizitzea? 
Mutila hemengoa da. Non bizi erabaki behar genuen ta Igorren lanetik gertuko zerbait behar genuen. Nik ez nuen nire burua baserrian ikusten. Gasteiztarra naiz, hiriko erraztasun eta zerbitzuetara ohituta nengoen. Baina Donostian lanean nenbilela, hango estresarengatik edo, asteburuetan iritsi nintzen hemengo lasaitasuna behar izatera. Eta hori Donostia izugarri gustatzen zaidala! Baina ez da gauza bera bizpahiru egunerako joan edo bertan bizitzea. Hemen etxean sentitzen naiz. Proba egitea erabaki genuen eta bertan segitzen dugu. 
Urteak pasata ere, erabakiarekin gustura? 
Bai. Gainera, izan berri dugun alabari oso bizi kalitate ona eskainiko diogu hemen. Naturaren erdian dago, animaliak daude, giro osasuntsua… Seme-alabei ahal den onena utzi nahi diegu, eta uste dut hemen hori badagoela.
Zer duzue gustukoen? 
Erabateko askatasuna, nahi duzun moduan ibil zaitezke. Atea ireki eta kalean gaude. Jendeak kalera irten eta arnastea behar du. Guk hori hemen dugu. Aurten, bereziki, ikusi da pribilegiatuak garela. (Igor) Gero eta jende gehiagok hartuko luke gustura asko baserria bizitzeko; konfinamenduaren aurretik ere bai, baina orain gehiago. Gustura gaude, lasai bizi gara, zoriontsu gara.
Txarren bat izango du… 
Autoa behar duzula denerako. Bestalde, ezezagunak inguruan ibiltzen direnean segurtasun eza sentitu izan dugu. Eta hori bai, lana dauka. Izan etxeko konponketak, izan inguruen zaintza. (Igor) Beti dago lana. Garai batzuk gogorragoak dira. Udaberria, adibidez. Neurria hartu behar zaio, bestela… Urteotan baserria berritzean zentratu naiz. 
Ezustekoren bat izan duzue? 
Astoarekin. (Laida) Ez nengoen ohituta animaliekin. Behin, sagarrak batzen nenbilela, atzetik korrika etorri zitzaidan, jolastera. Ni, beldurtu, eta sagarrondora igota egon nintzen Igor etorri arte, astoari makilatxo batekin alde esaten (barre). Bizilagunek abisatu zioten Igorri emaztea zuhaitzera igota zuela (barre). 
Kalea faltan igartzen duzu? 
Hasieran, kalera jaitsi nahi izaten nuen, trago bat hartzera… Orain berak (Igor) esan behar izaten dit kalera jaisteko. Gainera, ahal dugun guztietan mendi aldera egiten dugu. 
Mendian bizi zaretenok auzolanerako ohitura gordetzen duzue, ezta? 
Lau baserri gaude aldapan. Ura menditik hartzen dugu. Konpontzeko beharra dauka azpiegiturak. Auzolanean konpondu dugu. Eta auzoko jaiak guztiok batera antolatzen ditugu…Oso giro polita egoten da, jendea etortzen da… Guretzat elkartzeko aitzakia da. Ama eta neba ere animatzen dira. Ama jaietan laguntzen ibiltzen da, txosnan, txokolatea banatzen... bikain moldatzen da!