“Hiruzpalau egunetan erraz sartzen ditugu 20 ordu egunean, zentroak prestatzen”

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 10a, 09:05

Onintza Elgeta loreak ipintzen, atzo, barikua.

Konturatu orduko, bertan da Domu Santu eguna. Eta soraluzetarrak hasi dira lore enkarguak egiten. Hori bai, aurten, beste urte batzuetan baino polikiago. Onintza Elgetak, Belarrak saltokiko ugazabak kontatu du, batez beste, 200 bat enkargu jaso ohi dituztela. 

Zer da gehien eskatzen dena?
Landareak edo moztutako loreekin egindako zentroak. Sasoikoak dira azaleak, ziklamenak, txilarra ere ipintzen da asko…

Aurten igarri duzue desberdintasunik beste urte batzuekiko?
Igarri da dena beranduago datorrela. Urtero irailean eskatzen ditut loreak eta aurten aste honetan eskatu ditut, ze loreak ekartzen dituena ere atzeratuta ibili da. Ez zegoen ezer argi: jendeak loreak eskatuko zituen, kanposantuak zabalik izango ziren…

Jendea ere beranduago dator?
Bai. Joan zen urtearekin konparatzen, erdia ere ez da etorri oraindik.

Orain arteko eskaeren artean igarri duzue aurrekontu desberdintasunik?
Ez. Jendeak, urte batean gauza bat ipintzen badu, urtero ipintzen du berbera. Oso gutxi aldatzen da. 

Zenbat eskaera izaten dituzue urte normal batean?
Guztira, 200 bat. Lokala hartu behar izaten dugu, aurten ondokoa. 

Noiz iritsiko dira loreak?
Datorren astean edo beranduen jota urriaren 19an.

Eraman ere eramaten dituzue loreak kanposantura, ezta?
Bai; 200 eskaeretatik 150 bat guk eramaten ditugu. Hasi ginen eramaten gehienbat jende nagusiarengatik. Lehen kanposanturako igogailurik ere ez zegoen eta lore-zentroek pisua hartzen dute. Zerbitzu hori ematen hasi ginen eta azkenean… Gainera, askotan zubia tokatzen da eta jende asko kanpora joaten da. Askok dena enkargatuta lagatzen dute eta kanposantura joan ere ez dira egiten. Badaude beste asko joaten direla bisitan eta ikustera zelan geratu diren loreak.

Noiz hasten zarete lanean?
Landareak eta lore artifizialak lehenago prestatzen ditugu baina lan handia azken momentuan egin beharrekoa da, bestela loreak alperrik galdu egiten dira. Adibidez, hiru-lau egunean 100 zentro egin behar dira. 20 ordu erraz sartzen ditugu egunero. Lehen gaupasa ere egiten genuen, orain dena oso ondo antolatuta dugu. Baina lanordu asko egin behar dira. 

Ondo irabazten da dirua?
Irabazten da baina ez jendeak pentsatzen duen moduan. Gainera egun horietan, familiako guztien laguntza behar izaten dugu, eta horiei orduak ordaindu behar izango bagenizkie… ba igual irabazirik ere ez genuke izango. 

Gutxi gorabehera zenbat diru gastatzen du jendeak?
Batzuk igual 100 euro eta beste batzuk 20 euro. Baina gehienek 30-40 euro. Hala ere, kontuan hartu behar da, orain, errausketekin asko ez direla kanposantuan lurperatzen, eta ondorioz, badaude batzuk kanposantuan 25 urte daramatzanak; halakoetan ja ez da horrenbeste lore ipintzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.