Urria | Efemerideak II

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 11a, 09:14

Garai batean, Pilarika egunak udako bukaera markatzen zuen, mendira egunpasa joateko azken eguna izaten zelako; bestalde, 1868an Soraluzeko 30 josulagun baino gehiago zeuden; SECN enpresako ibilgailu industrialen motorrak Soraluzen egin zituzten 1929an… halako eta beste dakartzate gogora Sorapedian, urriko bigarren asteko efemerideetan.

Urriaren 7

1929 urtean SECN enpresak ibilgailu industrialak ekoizteko baimena lortu zuen. 
Motorrak Soraluzeko The Placencia de las Armas Company Limited-ek egin zituen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 7 

1936 urtean José Sirvent Dargent SAPAko injeniariak Bilbotik ihes egin zuen, Escort destruktore ingelesean. 
Gerra garaian zuzendari izendatu zuten, baina ahal izan zuenean hanka egin zuen. Gerra ostean Espainiako Instituto Nacional de Industriaren (INI) sortzaile eta zuzendaria izan zen.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 10 

1937 urtean Serafin Achotegiren gorpua aurkitu zuten, Arraten lurperatuta. 
Círculo Carlista-ren lehendakaria zela, gerra hasieran atxilotu eta Arratera eraman zuten preso. Eibarko bonbardaketa zela eta abuztuaren 29ko zauritu zuten; hurrengo egunean Soraluzera eraman behar zutela eta bidean erahil zuten. 1937an gorpua herrira ekarri zuten eta Arraten gurutzea jarri zuten, idazki honekin (erderaz): Jaungoikoa eta Espainiagatik. Hemen Soraluzeko Serafin Achotegui Urrestieta erail zuten saldo marxista-banatzaileek, 38 urte zituela. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 12 

Egun honetan, Pilar eguna, abuztuak 16an parrokiara ekarritako San Roke Txiki irudia bere ermitara itzultzen da, prozesioan. 
Prozesioan San Rokeren alabantzak abesten dira. Ermitan meza entzun ondoren, abadea eta etorleak kanpora irten eta Aita Gurea errezatzen dute, izurriteaz hildakoen animen alde; ostean Udalak txorizo ogitartekoak eta ardoa banatzen ditu. Garai batean Pilarika egunak udako bukaera markatzen zuen, mendira egunpasa joateko azken eguna izaten zelako. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Urriaren 12 

1868 urtean, orduko gobernu iraultzaileak Josuren Lagundia deusezteko agindu zuen. 
Sasoi hartan Soraluzeko 30 josulagun baino gehiago ziren (Espainiako 40 jesuitetatik bat soraluzetarra zen), tartean Ramon de Gorosta ezaguna. Agian horregatik bi egoitza bakarrik antolatu zituzten, isilpekoak biak: Loiolako zaharra eta Soraluzeko berria. Azken egoitza honek hamar bat urte iraun zuen; egoera josulagunen alde jarri zenean itxi zuten, beharrezkoa ez zelako. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).