Azken egunotan, Losers antzezlana ikusteko sarrera eskari handia izan du Udalak, soraluzetarrenak bai baina baita kanpotar askorenak ere. Hori ikusita, Udalak erabaki du, batetik, antzezlanaren bi emanaldi egitea eta bestetik, sarrerak aldez aurretik erosteko edo erreserbatzeko aukera ematea.
Hala, sarrerak dagoeneko salgai daude Iratxon edo udaletxean, bost eurotan. Horrez gainera, udaletxera telefonoz deituta sarrerak aldez aurretik erreserbatzeko aukera dago: 943 75 30 43.
Antzezlanaren emanaldiei dagokienez, berriz, programatuta zegoen 22:30eko saioaz gainera, lehenago beste bat ere izango da: 20:00etan.
Sinopsia
Galtzaileak (Losers) antzezlana Txalo produkzio-etxearen komedia da, Maite Buchakak egindakoa eta Begoña Bilbaok zuzendutakoa. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ditu protagonista, adinean aurrera doazen Manuel eta Sandra bikotea irudikatzen. “Gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe… Horregatik, euren buruak galtzailetzat dituzte (…) Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin (…) Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antza bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute…”