Pelikulak grabatzeagatik ordaindu beharreko kanonak zehaztu eta garestitu egin ditu Udalak

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 8a, 13:40
'Erase una vez... Euskadi' pelikulako grabazioaren une bat.

Ikusita Soraluzen dagoeneko bigarren grabazioa egiten ari direla, udalbatzarrak aho batez onartu zuen espazio publikoa erabiltzeagatik kanon berriak ezartzea, orain artekoa baino garestiagoak. Edozelan ere, pelikularen edo grabazioaren aurrekontuaren arabera ezarriko da zenbatekoa. Gehienez jota izango da egunean bost euro metro karratuko.

Bukatzear dira Erase una vez… Euskadi pelikularako herrian egiten ari diren grabazioak, urriaren 13an egingo baitute azkena, atzo, Iker Aldazabal alkateak jakinarazi zuenez. Alkateak osoko bilkuran esplikatu zuen Patriako produkzio-etxeari ezarritako kanon bera aplikatuko diotela Erase una vez…Euskadiko grabazioari: 1,57 euro metro karratuko eta eguneko. Adierazi zuen “laster” jakingo dugula zein izango den oraingoaren zenbatekoa. 

Edozelan ere, alkateak gaineratu zuen ikusita horrakoa herrian egiten den bigarren grabazioa dela, aurrerantzean, grabatu nahi duten pelikularen aurrekontuaren arabera ezarriko dutela ordaindu beharreko kanona. Honela:

  • 25.000 euroko aurrekontua dutenek 2,5 euro metro karratuko eta eguneko.
  • 50.000 euroko aurrekontua dutenek 3 euro metro karratuko eta eguneko.
  • 100.000 euroko aurrekontua dutenek 4 euro metro karratuko eta eguneko.
  • 100.000tik gorako aurrekontua dutenek 5 euro metro karratuko eta eguneko.