Kendu egingo dute etxe hutsei ezarritako errekargua

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 8a, 11:47
Etxe hutsa, Zubi Nagusian.

2020-2021eko udal tasak eta zergak izoztu egingo dira, udalbatzarrak aho batez horrela onartuta. Hala ere, izango dira salbuespenak. Nabarmenetako bat da datorren urtean kendu egingo dutela etxebizitza hutsei ezarri izan zaien %75eko errekargua, EH Bilduk horrela eskatuta eta gainerakoek aho batez onartuta. Arrazoia da errekargu horren bitartez batutako dirua etxebizitza politiketara bideratzeko EH Bilduren eskaera ez dela bete.

Azken bospasei urteotan, herrian etxe hutsen bat duten jabeei %75eko errekargua ezarri zaie Ondasun Higiezinen Gaineko zergan (IBIa), EH Bilduk horrela eskatuta eta PSE-EEk horren alde bozkatuta. Atzoko osoko bilkuran, berriz, errekargu hori kentzeko proposamena egin zuen EH Bilduk.

Unai Larreategik, EH Bilduko bozeramaleak azaldu zituen eskari horren arrazoiak: “Orain dela bospasei urte, errekargua onartu zenetik, urtero 15.000 euro inguru batu dira haren bitartez, ia 100.000 euro guztira. Errekargu horren helburua zen batutako dirua herriko etxebizitza politiketara bideratzea, baina ez da horrela izan. Errekarguaren bitartez batzen den dirua ez bada horretarako erabili behar, hobe kentzea. Gainera, badiote Jaurlaritzatik badatorrela etxe hutsen gaineko dekretua; han zehazten da, bai ala bai, etxebizitza politiketara bideratu behar dela dirua, beraz, haren zain egongo gara”.

"Datorren urtean"

Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak adierazi zuen ados dagoela batutako dirua etxebizitza politikara bideratzeko baldintza horrekin, baina urte askotan salbuespen asko ezarri izana eragozpen izan dela horretarako. Halaber, gaineratu zuen Jaurlaritza lantzen dabilen etxe hutsen gaineko dekretua luze doala, baina espero duela “datorren urtean” indarrean sartzeko moduan egongo dela eta dekretu horrek Euskadiko udal guztiendako ezarriko dituela betebehar berberak etxebizitza hutsei dagokienean. 

EAJren izenean, berriz, alkateak esan zuen eurak “pozik” daudela hartutako erabakiarekin.

"Ibilbidearekin adostasunik ez"

Horri erantzun egin zion Larreategik, esanez, bere ustetan, alkate moduan ez litzatekeela poztu beharko gaiak izan duen “ibilbidearekin”.  “Dirua ez da bideratu esandakora eta hori ez betetzea bada autokritika egiteko moduko puntua. Errekargua kentzea adostasunez hartutako erabakia da, baina errekarguak egin duen ibilbidean ez da adostasunik egon”.