Bittor Murguzur: "Soraluzen dronearekin hegan egiteko baimen berezia behar da"

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 7a, 12:30

Bittor Murguzur, dronearekin. Argazkia: Fernan Oregi.

Bittor Murguzur Santos (Eibar, 1987), NeBI AIR Aire Operatzailea enpresaren sortzailea da. Droneak lan-tresna moduan erabilita, bideoak zein argazkiak ateratzeko eta azpiegituraren ikuskapenak egiteko enpresa sortu du, uztailean. Nerea eta Bittor izenetatik dator aire operatzailearen izena.

NeBI AIR sortzeko, droneak pilotatzen jakin beharra dago?

Bai. Naiz RPASko edo dronetako pilotu aurreratua. Oso zorrotz dago dena araututa aeronautikako legeekin. Eta egiten dizkiguten azterketa medikuak dira helikoptero txikien edo abioneten pilotuei egiten dizkieten berberak, LAPL (Licencia de Piloto de Aeronave Ligera). Espainian 5.000 bat pilotu ofizial gaude, gehi piratak (barre). NeBI AIR-en ni pilotu bakarra naiz, momentuz.
Zelatan sortu zenuen NeBI AIR?

Droneak zaletasun nituen. 3-4 urte daramatzat pilotatzen eta orain dela urtebete naiz pilotu tituluduna. Hainbat lekutatik youtuben argitaratuta nituen irudiak eskatzen hasi zitzaizkidan (Alecoop enpresa, Txipiroi Swing itsas trabesiakoek, EITBtik, Cuatrotik…). Erabaki nuen enpresa sortzea, halako kontuak kobratu ahal izateko. Nire droneak pixka bat garestiak dira, profesionalak, eta horrez gainera aseguru gastuak daude, bateriak berriztu beharra, irudietako filtroak, matxurak, kraskadurak… Hori guztia mantentzea garestia da.  

Lau urteotan zein lan egin duzu?

Parajeen bideoak, batez ere: Deba, Mutriku, Getaria… Argazki batzuk ere bai. Eraikinen eta azpiegituren ikuskaritzetarako bideoekin eta argazkiekin, berriz, orain hasi naiz. Irudiekin gordinean lan egiten dut, batik bat; edizio apur bat ere landu dut, baina muntaia handiagoa behar bada (elkarrizketak egin…) ikus-entzunezko beste enpresa batekin osatzen dut lana. 

Soraluzeko parrokiaren grabazioaz aparte, herrian besterik grabatu duzu?

Ez, Soraluzen ezin da hegan egin, Bilboko CTR barruan dago-eta (Kontrolatutako Aire Espazioa). Hemendik hegazkinak pasatzen dira Bilboko aireportura bidean. Horren ondorioz, Soraluzen hegan egin ahal izateko, droneen pilotu (operadore) izateaz aparte, radiofonista izan behar da (aireportuarekin berba egiteko), homologazio berezia behar da (segurtasun azterketa, paraxuta jarri droneari…) eta aireportuarekin koordinatu behar da. Elorregitik Azpeitiraino marra bat egin eta korridore barruko udalerriak CTR barruan daude: Bergara, Soraluze, Elgoibar, Eibar, Ermua,… Horietakoren baten baimen barik aireratuz gero, 6.000 eurotik 240.000 eurora bitarteko isuna jaso daiteke. Enaire drones aplikazioan ikusten da non ezin den hegan egin. Kontrolatutako Aire Espazioetan hegan egiteko, bakarrik falta zait droneak homologatzea. Egingo dut, hemen ere grabatu ahal izateko. Parrokian, berriz, grabatu ahal izan nuen sabaipean ibili nintzelako. Leku itxietan, frontoi batean, adibidez, jenderik ez badago, aireratu ahal da.

Jostailuzko drone bat ezin daiteke Soraluzen erabili?

Ez. Jendeak hori ez daki. Adibidez, drone batekin jende gainetik pasatzea debekatuta dago. Herri barruetan erabili ahal ahal diren droneak dira 250 gramotik beherakoak, eta asko jota, 20 metro altu hegan egiten dutenak. Baina, Soraluzen ezin da, baldin eta ez bazara operadore homologatua. Herrietatik eta CTRtik kampo berriz, mendian, libre bai. Hori bai, parke naturaletan-eta baimen barik aireratzea eta grabatzea debekatuta dago: Aizkorri, Gorbea, Urdaibai… Nik Arantzazuko, Atxorrotxeko... bideoak ditut, baina foru aldundiaren basozainen baimenarekin eta koordinazioarekin egin dut hegan.

Izatez, osasun arloko profesionala zara, ezta?

Bai. Gipuzkoako Anbulantziak enpresan, osasun emergentzietako teknikari. Osakidetzako larrialdietarako egiten dut lan, Debagoienean. Hiru anbulantzia mota daude: oinarrizko bizi euskarria, aurreratutako bizi euskarria (ZIU mugikorra), eta garraio-lanak egitekoa. Nik oinarrizko bizi euskarrian egiten dut lan; bi teknikari joaten gara, eta batek (nik) gidari funtzioa dut. 18 urterekin hasi nintzen Elgoibarko, Gurutze Gorrian teknikari. 15 urte daramat lan horretan.

Koronabirusaren kontuarekin, zelan?

Hasieran (martxoan) kasualitatez, oporretan eta bajan egon nintzen. Orain, berriz, badihardut.  

Zelan ikusten duzu egoera?

Ba ez dakit; gauza asko entzuten dira… Ke asko dago. Medikuek ere ez dakite. Denetarik entzuten da.

Gomendioren bat emango zenuke?

Norberak zentzuarekin jokatzea. Hori bai, adibidez, Ertzaintza ibili behar izatea maskara jantzita izan behar dela esaten… 

Justu, maskararekin bada polemika. Benetan eraginkorra da?

Argi dago. Airetik dator birusa, oso argi dago hori. Maskarak (homologatutakoak) babestu egiten du. Onenak kirurgikoak dira. Nik 12 orduan erabiltzen dut lanean, eta ez zait ezer gertatu maskara erabiltzearren. Gainera, kirofanoetan-eta, betidanik erabili izan dute; hori zerbaitengatik izango da.

Orduan, zergatik dago medikuen artean horrenbeste kutsatu?

Maskarak babesten du parean duen pertsona, ez norbere burua. Hau da, zuk maskara jantzita baldin badaramazu baina nik ez, zu arriskuan zaude. Nik janzten badut da zu ez kutsatzeko, zuri ez botatzeko aerosolik. Bestalde, pandemiaren hasieran ez zegoen babesteko materialik, ezta medikuendako ere. Orain, askoz ere mediku gutxiago kutsatu dira. Edozelan ere, adibidez, gure kasuan, kalean egiten dugu lan; hau da, istripu batera joaten garenean, ez dakigu zer aurkituko dugun; adibidez, istripua izan duen pertsona COVID-19az kutsatuta egon daiteke eta guk jakin ez. Halakoetan ere gertatzen dira kutsatzeak. 

Zelan moldatzen zara zure bi lanbideak uztartzeko?

Oraingoz, ondo. Larrialdietan lau egunez egiten dut lan sei dauzkat jai. 

Horretan jarraitu nahi duzu?

Bai, nire pasioa da. Droneak eta aeronautika oso gustuko ditut, baina bokazioa dut osasun arloan, etxean betidanik zurrupatu dut hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.