Zergak eta tasak izozteko proposamena

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 6a, 08:00

Udalbatzarra uztaileko osoko bilkuran.

2020-2021eko zerga eta tasa guztiak izozteko proposamena egingo du Udal Gobernuak. Eguaztenean egingo dute osoko bilkura eta bertan landuko dute gaia. 19:00etan hasiko da batzarra. Guztira, bederatzi puntu izango dira aztergai. 

Herriko zergen eta tasen igoera Euskal Autonomia Erkidegoko KPIren abuztuko batezbestekoaren arabera ezarri ohi da. Aurten, abuztuko KPIa -0,4koa izan da. Hori horrela, datorren urteko zergak eta tasak izoztea planteatuko dio Udal Gobernuak udalbatzarrari eguazteneko osoko bilkuran.

Urarena ere bai

Bestela esanda, IBIari, hondakinen bilketari, zirkulazioari, ibilgailuei… dagozkien tasak ez igotzea proposatuko du Udal Gobernuak. Gainera, IBIaren kasuan, bigarren etxebizitza hutsik dutenek %75eko errekarguarekin ordaintzen dute haren gaineko zerga. Kasu horretan, urtero moduan, EAJk errekargu hori kentzeko planteatuko du. 

Bestalde, aurten, uraren tasa ere izoztu egingo dutela aurreratu du Iker Aldazabal alkateak. Nahiz eta tasa hori Gipuzkoako Urak Partzuergoari dagokion, bertako administrazio kontseiluko kide da alkatea eta partzuergoaren batzarrean planteatu dute uraren tasa ere izoztea. 

Zergak eta tasak izoztea proposamena izan arren, puntuak aurrera egingo du, Udal Gobernuak gehiengoa baitu udalbatzan. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.