"Soraluzen bizi garen marokoar gehienak amazigak gara, ez arabiarrak"

Egoitz Unamuno 2020ko urr. 3a, 09:30

Soraluzen bizi den marokoar komunitatea ugaria da eta komunitate horretako kide da Mustapha Ben (1984, Errachidia). Ostera, hemengo herritar askok uste dutenaren kontra, Mustapha eta gainerako marokoarrak ez dira arabiarrak, amazigak dira eta bere hizkuntza eta kultura propioak dituzte. 

Mustapha Ben hamaika anai-arrebako familia bateko seme gazteena da. Hemezortzi urterekin atera zen bere herritik. Muga ahal bezala zeharkatu eta Europara etorri zen, “askatasun bila”. Lehenik, Bartzelonan eman zituen urte batzuk, gero Bilbon, eta azkenik, 2009an, Soraluzera iritsi zen, “kasualitatez, lagun batek etxea konpartitzeko eskaintza egin zidan eta baiezkoa eman nion”. Soraluzen ezagutu zuen gaur egun emazte duen Fatima, eta bi alaba izan dituzte elkarrekin: Sara eta Arinas. Amazigak dira, Ait Ata leinukoak, “Soraluzen bizi diren beste marokoar gehienak bezala”.

“Amazigak gara”   

Amazig herria Afrika iparraldeko hainbat estatutan banatuta dauden milioika pertsonek (50 milioi inguru) osatzen dute eta bere hizkuntza eta kultura propioak ditu. Munduan ezagunagoak dira bereber izenez, baina eurak nahiago dute amazig terminoa, eurak bere burua izendatzeko erabili izan dutena; “gizon askea” esan nahi duena.

“Hemen jende askok uste du herrian gauden marokoar denak arabiarrak eta musulmanak garela, baina hori ez da horrela, gehienak amazigak gara eta ez arabiarrak. Kontua da gure artean askok ez dutela amazig direnaren kontzientziarik eta horrek zaildu egiten du hemengo jendeak amazig herria ezagutzea”, dio Mustaphak.

Azaldu duenez, VII. mendean herrialde arabiarrek Afrika iparraldeko lurrak konkistatu zituzten eta ordutik arabizazioa jasan behar izan dute. “Gainera, bereziki Frantziak (XX. mendean Maroko kolonia gisa izan zuenak), indar handia egin du Maroko arabizatzeko eta kanpora begira arabiar irudia proiektatzeko”. Amazigek, ordea, kultura eta balore propioak dituzte: “hizkuntza, alfabetoa, geure egutegi eta ospakizun propioak, janzkera, gastronomia, erlijio ugaritasuna, emakumeenganako errespetua… Gure herria bakezalea da, bere identitatea mantentzeko borrokan diharduena”.

Amazigera eta dariya

Marokoarrek nagusiki bi hizkuntza hitz egiten dituzte: amazigera eta dariya. Bigarren hau, hizkuntza askoren arteko nahasketatik (amazigera, arabiera, frantsesa eta española) sortu den ahozko hizkera da: “Dariya erabiltzen dugu lurralde ezberdinetako jendearen artean hitz egiteko. Askok esaten dute arabiera dela, baina oinarri nagusia amazigera da. Arabiera jasoa eskolan ikasi dutenek bakarrik dakite, oso gutxik”. Amazigak, berriz, ez du aldaera bateraturik eta aldaera bat baino gehiago ditu, lurralde bakoitzean berea. 

Mustaphak amazigeraz berba egiten die alabei, “Marokora doazenean amonarekin eta gainerakoekin komunikatu ahal izan daitezen”. Herrikide askok ez omen dute hori begi onez ikusten. “90. hamarkadara arte, gure hizkuntza mendikoa eta baserritarrena zela esaten ziguten. Errepresioa ere handia izan da eta horrek arrasto sakona laga du. Zorionez hori aldatzen ari da. Esaterako, 2015etik amazigera hizkuntza koofiziala da Marokon eta eskola batzuetan irakasten ere hasi dira”. 

Gero eta ezagunago

Mustapharen esanetan internetek eta sare sozialek bultzada handia eman diote amazig herriari: “Internetek aukera eman digu Herrialde ezberdinetako herrikideon artean harremantzeko eta informazioa trukatzeko, horrela geure historia ezagutzeko, herri-identitateaz kotzientzia hartzeko eta geure herriaren historia ezagutzeko. Ni neu interneti esker ari naiz alfabetoa ikasten”. Etorkizunari begira itxaropentsu da: “Amazig kultura gero eta ezagunagoa da munduan eta indartsuagoa ere bai. 1997an herrialde guztietako amazigak batu gintuen mundu mailako lehen kongresua egin genuen eta gure ametsa etorkizunean amazig herrien estatu batuak sortzea da, demokrazian biziko dena, libre, bere lur eta aberastasunen jabe”.