Sarek bertan behera laga du '650 tontor' ekimena

Egoitz Unamuno 2020ko urr. 2a, 08:00
Atxolineko tontorra.

Eguraldi txarra dela eta, Sarek atzeratu egin du zapatu honetarako deitua zuen mendi tontorretara igotzeko ekimena. Horren ordez, elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko plazetan. Soraluzekoa eguerdiko 12:00etan egingo da Plaza Berrian.

Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko, #650Tontor egitasmoa zuen antolatuta Sarek biharko (Soraluzen Karakate eta Atxolin mendietara ziren igotzekoak) baina egunotarako iragarri duten ekaitza dela eta, ekimena maiatzaren 8ra atzeratzea erabaki dute.  

Bihar, mendi tontorretara igotzeko ekimenaren ordez, herrietako plazetan elkartu edo "lagunartean, familian edo herriko kideekin" argazki bat atera eta sareetan zabaltzera dei egin du Sarek, #650Tontor eta #IzanBidea traolak erabilita. Argazkietan, herritarrek igotzeko asmoa zuten mendiaren izena jartzeko ere eskatu du. Soraluzeko Sarek eguerdiko 12:00etarako deitu du elkarretaratzea Plaza Berrian.

Bestalde, urriaren 24an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute. Egun horretan, Kontxako hondartzan mosaiko erraldoi bat osatuko dute, egungo espetxe politika alda dezaten eskatzeko.