Euria, haizea eta hotza

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 2a, 10:02
Tximista kanpandorrean. Argazkia: Mikel Valero.

Kostaldean abisu laranja eta EAE osoan abisu horia aktibatuta daudela dator asteburua. Ziklogenesi leherkorra iragarri dute eguraldi adituek. Alex izenarekin bataiatu dute eta diote prezipitazioa, haizea eta hotza ekarri dituela.

Gaurko, barikua eta biharko abisu horia ezarri du Segurtasun Sailak prezipitazio iraunkorrarengatik, gaur 12:00etan hasita biharko 12:00ak arte. Aurreikusi dutenez, 24 orduotan metro karratuko 50-60 litro pilatu daitezke. Zaparradarik gogorrenak gaur iluntzerako espero dira.  

Haize ufada bortitzak

Horrekin batera, haize bortitza ere espero da, gaur 21:00etan hasita biharko 12:00ak arte. Diotenez, 100 km/h-tik gorako haize ufadak izan daitezke haizeguneetan eta 80 km/h haizeguneak ez diren lekuetan. Gainera, abisatu dute “borraskak hartuko duen ibilbidearen ziurgabetasuna dela-eta” posible dela “abisu hori batzuk alerta laranjara aldatu behar izatea zenbait denbora-tartetan”.